Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Sariaren epaimahaiak erabaki du 2011ko saria Nazioarteko Bake Brigadak (Peace Brigades International, PBI) erakundeari ematea, bere "lan eskergagatik", giza eskubideen defendatzaileei lagun egin eta nazioarteko babesa emanez "eraso edo mehatxu handiak pairatu eta egoera larri eta ahulenean dauden tokietan" Gobernuz kanpoko erakunde honen bulego zentrala Londresen (Erresuma Batua) dago, eta egoitzak ditu 14 herrialdetan. Nafarroako ordezkaritzak aurkeztu zuen sarirako hautagaitza, eta giza eskubideen defentsan ari diren hainbat erakunde eta pertsonalitate, batez ere Kolonbiakoak, Guatemalakoak eta Mexikokoak, izan dira abal-emaileak. Saria 36.000 eurokoa da.
Saridunaren izena gaur, ostirala, abenduak 9, ezagutarazi da, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren bezperan hain zuzen. Saridunaren izena iragarri den ekitaldian izan dira Alberto Pérez Calvo eta Patricio Hernández Pérez Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedradunak eta epaimahaiko lehendakari eta idazkaria, hurrenez hurren.
2011ko Jaime Brunet Nazioarteko Sariaren epaimahaiak Nazioarteko Bake Brigadetako boluntarioen zeregina nabarmendu nahi izan du. Boluntario horiek, hautaketa eta prestakuntza prozesu baten ondoren "begirale eta laguntzaile lana egiten dute gatazkan dauden eskualdeetan, giza eskubideen defendatzaileek pairatzen dituzten mehatxuak eragozteko, eta, horrela, giza eskubideak babesteko ez ezik, gizartea askoz ere irekiagoa eta anitzagoa bihurtzeko". Epaimahaiak azpimarratzen duenez "eginkizun berritzailea da, diplomaziaren eta eskubideen aldeko beste mugimendu batzuen jarduera klasikoei gehitzen zaiona, eta oso eraginkorra izateaz gain, errespetua eskaintzen dio jarduera egiten den herrialdeko legeriari eta ez da partidista, politikaren, gizartearen zein erlijioaren aldetik.
Laguntza, baita 24 orduz ere
Epaimahaiak aitorpena eman nahi izan die Nazioarteko Bake Brigadetako boluntarioen "ahalegin eta aritzeari", mehatxupean dauden pertsona eta erakundeak babesteko; horretarako laguntza lanak egiten dituzte, batzuetan egunean 24 orduz, eta elkarrizketa kanpainak, herrialde eta eskualde mailakoak, edozein gatazkatan dauden legezko solaskide guztiekin, horiek izanik mehatxupean dauden indigenen herrixkak, giza eskubideen aldeko erakundeetako buruzagiak, abokatu defendatzaileak, edo diskriminatuta dagoen edozein talde sozial."
Halaber, epaimahaiak balioetsi ditu Nazioarteko Bake Brigadek egiten dituzten "jarduera eskergak", ahalbidetzeko "elkarrizketa eta negoziazio prozesuak, haien lan eremuko gatazka egoerari buruzko informazioa, egiaztatua eta lehen iturritik jasoa, nazioartean hedatzeko ahalegina, eta kabildo irekien sustapena eta eraketa, beraien helburuen aldeko laguntza lortzeko gizarte eta politika arloan eta gobernuz kanpoko beste erakunde batzuen aldetik". Jarduera horiek guztiak izan dira, epaimahaiaren iritziz, "eragin komentzigarri handiko tresnak, eta gainera tresna bakegile txalogarriak, haien helburuekin guztiz orekatuak, munduko edonon giza eskubideen defendatzaileei laguntza eta babesa emateko programak bultzatzeko".
Halaber, epaimahaiak espero du Nazioarteko Bake Brigadei egindako aitorpenak "ahalbidetuko diela haien helburu eta programak aurreratu eta zabaltzea, eta pizgarria izango dela gobernuz kanpoko beste erakunde batzuentzat, gizakiaren oinarrizko eskubideak errespetatuko dituen gizarte justuagoa eta anitzagoa lortzeko erronkan".
Lagun egitean espezializatutako GKE bat
Nazioarteko Bake Brigadak GKEa 1981ean sortu zen. Giza eskubideen defentsan eta gatazkak indarkeria ezaren bidez konpontzeko sustapenean lan egiten du. Bere espezialitatea da nazioarteko behaketa eta lagun egitea, giza eskubideen urraketak eragozteko tresna gisa erabiltzea.
GKE honek begirale estatusa du Nazio Batuen aurrean; nazioarteko begiraleak bidaltzen ditu krisian eta gatazkan dauden eskualdeetan lekuko izateko. Boluntarioen taldeek haien presentziaren bidez babesa ematen diete indarkeria politikoagatik heriotzaren edo bahiketaren mehatxupean dauden pertsonei. Boluntario hauek, aldez aurretik hautatu eta gaitu direnak, bertan egonez, Nazioarteko Bake Brigaden asmoa da giza eskubideen defendatzaileen aurkako erasoak eta mehatxuak eragoztea, baina azken helburua da lankidetza ematea gizarte ireki eta anitz bat sustatu eta indartzea eta giza eskubideak babestea.
Nazioarteko Bake Brigadak erakundea lanean ari da, betiere, dagoen herrialdeko gobernuaren baimen esplizituarekin, eta estatu horren barne legeria betez. Herri batean parte hartzen hasi aurretik tokiko erakundeen eskaera espresa behar du. Gaur egun Guatemalan, Kolonbian, Mexikon eta Nepalen ari da, eta lehenagotik babes eta bitartekaritza lanak bete ditu El Salvadorren, Sri Lankan, Kanadan, Haitin, Filipinetan eta Indonesian.
Nazioarteko Bake Brigaden taldeak boluntarioek osatzen dituzte. Gutxienez ere, urtebete bat ematen dute lagun egiteko nazioarteko lan honi; bertan gelditzen dira mehatxupean dauden pertsona eta erakundeei lagun egiteko. Gatazkan dauden eskualdeetara aldian behin bisita egiten dute, gatazkaren bilakaerari eta herrialdeko giza eskubideen egoerari buruzko informazioa banatzen dute eta elkarrizketa lana egiten dute agintari zibil eta militarrekin, eta halaber, estatuko erakundeekin, GKEekin, elizekin, gorputz diplomatikoekin, eta nazioarteko, eskualdeko eta Nazio Batuen agentziekin, nazioarteko babesa sustatzeko.
Nazioarteko Bake Brigaden funtzionamendua, ia osorik, boluntarioen bidezkoa da,egitura ez horizontala eta ez hierarkikoa da, eta adostasuna erabilitzen du erabakiak hartzeko. Duen egitura txikia, bakar-bakarrik koordinaketak eta kudeaketak eskatzen dutena da. Espainian, esate baterako, koordinaketa bulego bat du Santanderren, bi kontratudunekin, eta zazpi talde ditu, beste hainbeste autonomia erkidegotan, Nafarroa barne.
Nafarroako Foru Komunitatean Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak, eta beste zenbait udalek, Erroibarkoak, esate baterako, ematen diote finantza laguntza Nazioarteko Bake Brigaden proiektu bati, Kolonbian giza eskubideen defendatzaileei lagun egiteko. 1994. urteaz geroztik, eta orain arte, bederatzi nafarrek hartu dute parte, boluntario gisa, Kolonbiako proiektu horretan, lagun egiteko eta "lobby" politiko gisa.
Fundazioa eta Jaime Brunet Saria
Jaime Brunet Fundazioa Kultura Fundazio pribatua da, gizarte interesa eta izaera iraunkorra dituena, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak ezabatzea. Fundazioak helburu horietara bideraturiko jarduerak eta balio horien errespetuarekin loturiko azterketak sustatzen ditu.
Fundazioak, besteak beste, Jaime Brunet Romero sarirako deialdia egiten du ondoko hauek saritzeko: lan zientifiko bat; lan literario zein ikus-entzunezko bat; edo giza eskubideen sustapenean nabarmendu den pertsona zein erakunde baten ibilbidea. Guztira, fundazioak Jaime Brunet Naizoarteko hamabi Sari eman ditu, 1998. urteaz geroztik. Azkena Yoani Sánchez Kubako kazetari eta blogariari eman zion.
Jaime Brunet Romero Baionan (Frantzia) jaio zen 1926ko uztailaren 20an, eta 1992ko urtarrilaren 4an zendu zen Donostian (Gipuzkoa). XVIII. mendean Gipuzkoara etorritako kataluniar ekintzaileen familia batean jaio zen (han garatu zuten industria jarduera garrantzitsua), eta ideia liberaletan eta bere garaiarekiko ikusmolde kritikoan hezi zuten. Aitak bideratu zuen Zuzenbide ikasketetara. Jaime Brunet Goitia, bere aita, alderdi errepublikanoaren burua eta Udaleko alkateordea izan zen Donostian, non bere aitona eta birraitona alkate izanak baitziren lehenago. Valladolideko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta han irakasle laguntzaile ibili zen aldi batez.
Irakurle porrokatua zen, eta hizkuntzak ikasteko grina zuen. Azken zaletasun horri esker, erraz moldatu zen egin zituen makina bat bidaiatan. Izan ere, bere garaiko zailtasunak izan arren, hogeita hamarretik gora herrialdetan ibili zen. Aitortzen zuenez, bidaia horietan konturatu zen eta ulertu zuen orain bezala zenbat diskriminazio eta bortizkeria dagoen, zenbat gehiegikeria egiten dituzten boteretsuek behartsuen aurka, eta zer-nolako erraztasunarekin urratzen diren egunero gizakiaren oinarrizko eskubideak.
Bizitzako azken urteetan giza eskubideen egoera eta herritarraren askatasunaren defentsa bihurtu ziren bere kezka nagusi, bai eta administrazio publikoaren gehiegikerien aurrean ere. Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, bere izena izango zuen fundazio bat sortu ahal izateko bera hil eta gero. Fundazio horren helburua da giza eskubideak hedatzea, eta beren alde egindako lanarengatik aitorpen hau jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzea. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.