Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hauteskunde Batzorde Nagusiak behin-behineko hautagaitzen aldarrikapena egin du, Klaustroa osatzen duten lau arloetako bakoitzerako. Klaustroa berritzeko hauteskundeak abenduaren 22an izango dira. Behin-behineko hautagaitza horiei erreklamazioak aurkezteko epea datorren astelehenean, abenduaren 12an, bukatzen da.
Unibertsitateko Klaustroa Unibertsitateko komunitatea ordezkatzen duen erakunde gorena da. Klaustroa osatzen dutenak dira errektorea, klaustroburua ere badena, eta 120 klaustrokide, unibertsitateko komunitateko arloak (irakasle eta ikertzaileak, administrazio eta zerbitzuetako langileak eta ikasleak) ordezkatzen dituztenak. Organo hau lau urtetan behin berritzen da, ikasleen arloa izan ezik, hori bi urtetan behin berritzen baita. Halaber, berezko kide gisa idazkari nagusia eta kudeatzailea daude.
Behin-behineko hautagaitzen arabera, lotura iraunkorra duten irakasle doktoreen arloan 116 hautagai daude, 71 postutarako. Aurreko kategorian sartzen ez diren irakasle eta ikertzaileen arloan, guztira, 13 kide daude, bi azpiarlotan banaturik. Alde batetik, irakasle funtzionario ez doktoreen azpiarloa dago. Honetarako hautagairik aurkeztu ez denez, Hauteskunde Batzorde Nagusiak zozketa bat egingo du talde honetako kideen artetik, dagokien ordezkari bakarra izendatzeko. Besterik gabe aldarrikatuko da, bozketa egin beharrik gabe. Beste alde batetik, lotura iraunkorrik gabeko irakasle eta ikertzaileen azpiarloa dago. Honetarako 17 hautagai aurkeztu dira, 12 postutarako.
Administrazio eta zerbitzuetako langileen arlorako 13 hautagai aurkeztu dira 12 postutarako. Azkenik, ikasleen arloan, lau hautagaitza lehiatzen dira talde horien 24 postuak betetzeko. Grupo Aula de la Experiencia, Grupo Universitario, Ikasle Abertzaleak eta Eraldatu-Izquierda Estudiantil dira hautagaitzak.
Hautagaien zerrenda osoa Unibertsitatearen webguneko ondoko esteka honetan dago: http://www.unavarra.es/elecciones_claustro2011.htm
Interesdunek hautagaitzen behin-behineko erreklamazioak aurkezteko aukera dute, abenduaren 12ra, astelehenera arte, eta egun horretan 14:00ak arte, Unibertsitateko erregistroetan, Iruñeko eta Tuterako campusetan. Abenduaren 13an ebatziko dira erreklamazioak, bai eta behin betiko hautagaitzak argitaratu ere.
Postaren bidezko botoa
Halaber, postaren bidezko botoa eskatzeko epea irekita dago oraindik. Ostiral honetan, abenduaren 9an, bukatuko da, eta botoa emateko epea 14tik 21era arte izango da. Beste alde batetik, hauteskunde kanpaina hasiko da abenduaren 14an, asteazkenean, 00:00etan, eta bukatuko da 21ean, asteazkenean, 24:00etan.
Hauteskunde-eguna egingo da abenduaren 22an, 11:00etatik 18:00etara, etenik gabe, Tuterako campuseko eta Iruñeko Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako (Barañaingo etorbidea) hauteskunde mahaietan izan ezik, haietan bozketa-orduak 12:00etatik 17:00etara izango baitira. Hautagai hautetsien behin betiko aldarrikapena, erreklamazioak aurkezteko epea ireki eta gero, ez da izango 2012ko urtarrilaren 11a baino lehen.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen arabera, Unibertsitateko Klaustroaren eginkizun nagusiak dira, besteak beste, Estatutuak eraberritzea; errektorea aukeratzeko hauteskundeen ohiz kanpoko deialdia egitea; Unibertsitate Komunitateko arartekoa hautatu eta kargugabetzea, eta Gobernu Kontseiluan izango dituen ordezkariak hautatzea.