Nafarroako Unibertsitate Publikoak ostegun honetan, abenduaren 1ean, ospatu du GIB-HIESaren Munduko Eguna unibertsitate komunitateari zuzendutako hainbat kontzientziazio jarduerekin. Gizarte Ekintzarako Unitateak, Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzaren mendeko unitateak, antolatu du programa Nafarroako Hiesaren aurkako Batzordearen eta Sareren lankidetzarekin. Bi erakundeek erakustoki batzuk jarri dituzte Ikasgelategiko kafetegirako sarreran, eta informazioak eta liburuxkak eskaini dizkiete interesa zuten pertsonei.
Bestalde, ikasturte honetan osasun eragile izateko prestakuntza jaso duten sei ikasleek jolas jarduera batzuk zuzendu dituzte kafetegian jarduera horietarako gordetako gune batean. Ikasleek “Jo ezazu GIB/HIESaren dianaren erdian” jolasean parte hartu dute. Gaixotasun horri buruzko galderei erantzun eta diana batera dardoak bota behar zituzten. Horretaz gainera, aterki batzuk jarri dituzte ikasleek birusaren aurkako ideia jasa bat margotzeko.
Ospakizunaren programa asteazkenean, azaroaren 30ean, hasi zen “GIB-HIESaren egoera 30 urte geroago. Lorpenak eta erronkak” izenburua zuen mahai-inguruarekin. Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Osasun Publikoaren Institutuak antolatu zuten eta Arteak eraikineko Ada Byron aretoan egin zen.
Marisol Aranguren Nafarroako Osasun Publikorako Institutuko zuzendariak aurkeztu zuen mahai-ingurua, eta Jesús Castilla Zaintza Epidemiologikoaren Ataleko burua, Javier Úriz Eritasun Infekziosoen Zerbitzuko burua eta Lázaro Elizalde GIB-HIES Programaren koordinatzaileak parte hartu zuten. Mahai-inguruan hizpide izan zituzten GIBaren infekzioaren egoera epidemiologikoa Nafarroan eta haren bilakaera azken hogeita hamar urteetan, tratamenduen bilakaera Nafarroako Ospitalegunean eta HIESari aurrea hartzea egun.