Daniel Leandro González Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio ingeniariak Ikerketa Zientifikoan Hasteko Arkimedes Saria irabazi du Ingeniaritza eta Arkitektura Arloaren modalitatean. Hezkuntza Ministerioak deitzen duen lehiaketa honen xedea da ikerketarako izpiritua sustatzea unibertsitateko ikasle gazteen edo Graduko tituludunen artean.
Daniel Leandrok lehiaketa honetan parte hartzeko aurkeztu duen ikerketa proiektua bere Ikasketen Amaierako Lanaren zati bat da. Izan ere, lanarekin Ohorezko Matrikula erdietsi zuen 2010eko azaroan, Manuel López-Amo Sáinz Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko katedradunaren tutoretzapean. Lanaren izenburua da “Urrutiko sentsoreen multiplexazioa zuntz optikoko laser egituren bidez”, eta distantzia luzerako zuntz optikoko sentsoreen bi sareren garapena aurkezten du. Zehatz-mehatz, sentsore horiek 100 edo 155 km-tara kokatzen dira, muntaketaren arabera, eta beren diseinuek aukera ematen dute distantzia horretan tenperatura neurtzeko, elikadura in situ eduki beharrik gabe.
Daniel Leandrok finalean lehiatu zuen joan den astean Valladolideko Unibertsitatean, finalista ziren beste sei lanekin batera, eta 9.000 euroko sari bat lortu zuen. Bestalde, Manuel López-Amo lanaren tutoreak ere 3.000 euroko saria jaso zuen. Sari guztiak Valladolideko Unibertsitatearen Palentziako campusean egin zen ekitaldi batean banatu ziren. Ingeniaritza eta Arkitekturakoaz gain, lehiaketako beste hiru modalitateak dira Giza eta Gizarte Zientziak, Zientzia Biologikoak eta Biomedikoak, eta Zientzia Esperimentalak, Zehatzak eta Ingurumenekoak.
Daniel Leandro Irunberrikoa da, eta Manuel López-Amok zuzentzen duen Komunikazio Optikoei eta Aplikazio Elektronikoei buruzko Ikerketa Taldean ikerketa proiektuaren laguntzaile gisa jardun du. Hegoafrikan sei hilabeteko egonaldia egin ondoren, gaur egun Nafarroako Unibertsitate Publikoan Komunikazioetan Unibertsitate Masterra egiten ari da, eta doktoretza tesia egiteko asmoa dauka.