Gizarte politikak aztertzeko eta analizatzeko interesa duten 300 ikertzaile, irakasle eta profesional baino gehiagok parte hartuko dute azaroaren 24tik 26ra REPS Gizarte Politikako Espainiako Sarearen III. Biltzarrean, Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Biltzar honen izenburua da “Gizarte politiken eragileak eraldaketa testuinguruetan” eta xedea da hausnartzea gizarte politikei buruz krisi ekonomikoak ekarri dituen ondorio sozial larriak, aurrez aurre jartzen diren unean. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ALTER Ikerketa Taldeak antolatu du topaketa hau. Talde horrek gizarte bazterketaren, gizarte politiken, lan prekarietatearen eta inmigrazioaren eremuak ditu bere ikerketa lerroen ardatz.
REPSen III. Biltzarraren inaugurazio ekitaldia ostegun honetan, azaroak 24, goizeko 9:00etan egingo da Sario eraikineko Fernando Remacha Aretoan. Ekitaldiaren buru izango dira Eloísa Ramírez Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordea; Enrique Maya Iruñeko alkatea; Miguel Laparra NUPeko ALTER Ikerketa Taldeko arduraduna; Concepción Corera NUPeko Unesco Katedraren zuzendaria; eta Ana Guillén Oviedoko Unibertsitateko irakasle eta REPSeko kidea.
Inaugurazio hitzaldia emango du Bill Jordanek, Plymoutheko Unibertsitateko Gizarte Zientzien eta Gizarte Laneko Fakultateko irakasleak. Jordanek 25 liburutik gora idatzi ditu gizarte lanari, gizarte politikari, ekonomiari eta teoria politikari buruz. Oraintsu, ikerketa lan bat argitaratu du AEBtako pobreziari, gizarte bazterketari, inmigrazio irregularrari eta gizarte politikari buruz.
Biltzarra sei osoko bilkura eta hamaika ataletan banatu da. Hitzaldien eta jakinarazpenen bidez, gai hauek aztertuko dira, besteak beste: krisi ekonomikoaren ondorio sozialak, hirugarren sektorea, herritarren partadidetza, sindikatuen eta enpresa erakundeen zeregina, Espainiako Gizarte Ongizatearen eredua Europaren testuinguran, edo gizarte politikak Amerika Latinoan. Biltzarraren programa osoa www.unavarra.es helbidean dago kontsultatzeko.
Gizarte eragileen zeregina
Topaketa honetako saioetan protagonismo berezia emango zaio gizarte eragileek eraldaketa hauetan duten betekizunari. Agenda publikoaren osaeran, lehentasunak identifikatzean, erabakiak hartzeko prozesuan duten eragiteko ahalmenean eta beren interesak identifikatzeko, beren estrategiak eratzeko, eta jarduteko bideak zehazteko moduan garatzen ari diren betekizuna dira lehentasunez aztertuko diren eremuak, ulertzeko etorkizunean nola joango diren birplanteatzen gizarte politikak.
Era berean, Amerika Latinoko herrialde askotan gertatzen ari diren gizarte-aldaketa prozesuak ere aztertuko dira, gizarte politikek jokatzen duten betekizuna eta gizarte aldaketen erronkak berak aztertu gabe ulertzeko zailak direnak.
Gizarte Politikako Espainiako Sarea irakasleen, ikertzaileen eta gizarte politiketako profesionalen elkartea da. Helburu nagusia da ideiak eta lankidetza trukatzea Espainiako gizarte politiken adituen artean. Asmoa da eztabaida foro bat eskaintzea eta komunikazio sare bat eratzea gizarte politiken analisia garatzeko intereseko arlo gisa, adituen eta ikertzaile gazteen arteko harremanak sustatuz.