Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Klaustroa berritzeko hauteskundeak egingo ditu abenduaren 22an, astearte honetan Julio Lafuente López errektoreak sinatu duen ebazpenari jarraikiz. Unibertsitateko Klaustroa unibertsitateko komunitatea ordezkatzen duen erakunde gorena da. 120 kidek osatzen dute, eta lau urtez behin berritzen da, ikasleen arloa izan ezik, bi urtez behin berritzen baita.

Hauteskundeen deialdia egiteko ebazpenak hautagaitzak aurkezteko epea finkatu du, azaroaren 28tik abenduaren 2ra arte. Postaren bidezko botoa eskatzeko epea azaroaren 28tik abenduaren 9ra arte da, eta boto hori emateko epea abenduaren 14tik 21era. Beste alde batetik, hauteskunde kanpaina abenduaren 14an, asteazkenean, hasiko da, zero orduetan, eta abenduaren 20an, asteartean, bukatuko da.

Abenduaren 22an botoa emateko aldia etenik gabekoa izango da 11:00etatik 18:00etara, salbu eta Iruñeko campuseko Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolan (Barañaingo etorbidea) eta Tuterako campusean eratzen diren hauteskunde mahaietan, horietan 12:00etatik 17:00etara izango baita. Hautagaien behin betiko aldarrikapena, behin erreklamazioak aurkezteko epea irekita, ez da izango 2012ko urtarrilaren 11n baino lehen.

Klaustroa osatzen dutenak dira errektorea, klaustroburua ere badena, eta 120 kide, eta horietatik 71 dira lotura iraunkorra duten irakasle doktoreak, 13 dira aurreko kategorian sartzen ez diren irakasle eta ikertzaileak, 24 dira ikasleak eta 12 administrazio eta zerbitzuetako langileen arlokoak. Organo honetan sartzen dira, halaber, idazkari nagusia eta kudeatzailea, berezko kide gisa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuen arabera, Unibertsitateko Klaustroaren eginkizun nagusiak dira, besteak beste, Estatutuak prestatzea eta eraberritzea; errektorea aukeratzeko hauteskundeen ohiz kanpoko deialdia egitea; Unibertsitate Komunitateko arartekoa hautatu eta kargugabetzea, eta Gobernu Kontseiluan izango dituen ordezkariak hautatzea.