Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan astearte honetan, azaroaren 22an, jardunaldi nazional bat izango da, unibertsitatean boluntariotza sustatzeko. Hitzaldiak, mahai-inguruak eta lantegiak izango dira, eta hainbat erakunderen erakustokiak ezarriko dira. Universitour da programaren antolatzailea, eta helburua da unibertsitateetako gazteak sentsibilizatzea eta haiei informazioa ematea boluntariotzari buruz, eta gobernuz kanpoko erakundeek garatzen dituzten jardueretara hurbiltzea.

Universitour proiektua sortu da Espainiako unibertsitateetako ikasleen artean boluntariotza sustatzeko. Hauek dira proiektua antolatu duten erakundeak: PVE (Plataforma de Voluntariado de España / Espainiako Boluntariotza Erakundea), Cibervoluntarios Fundazioa eta CREUP (Coordinadora de Representantes de Estudiantes de Universidades Públicas / Unibertsitate Publikoetako Ikasleen Ordezkarien Koordinadora). Proiektuak Osasun, Gizarte Politika eta Berdintasunerako Ministerioaren laguntza ekonomikoa dauka eta Hezkuntza Ministerioen lankidetza.

Jardunaldia hasteko ekitaldia 10:30ean izango da, Ikasgelategiko 018. Ikasgelan, eta Julio Lafuente NUPeko errektorea izango du buru. Harekin batera ondoko hauek egongo dira: Luciano Poyato; Espainiako Boluntariotza Erakundeko burua, Maite Font; Nafarroako Boluntariotza Plataformako burua, Yolanda Rueda Fernández; Cibervoluntarios Fundazioko burua, María José Romero; CREUPeko idazkari nagusia, Fermin Castiella, Nafarroako Gobernuko Autonomia Pertsonalaren Sustapenerako eta Mendekotasunaren Prebentziorako zuzendariordea, eta Fermin Alonso, Iruñeko Udaleko Hezkuntzako zinegotzia. Ekitaldia bukatu eta gero, bisita egingo zaie Ikasgelategiko sarreran ezarritako erakustokiei.

Universitour lau zatitan eratu da: horietako bi prestakuntzakoak dira (hitzaldiak eta lantegi praktikoak), beste bat informaziokoa (erakustokiak) eta azkena, helburua duena unibertsitateetako gazteek Espainiako boluntariotzari buruz duten ikuspegia adieraztea. Jardunaldiaren programa osorik jaisteko: www.unavarra.es. Jardunaldian parte hartzen duten ikasleek hautaketa libreko kreditu bat jasoko dute.

Ehundik gora boluntario NUPen

NUPeko Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzaren mendeko Gizarte Ekintzarako Unitateak unibertsitateko boluntariotza programa bat sustatzen du, “Graduatu hiritartasunean” izenekoa. Bertan ehunen bat ikaslek hartzen dute parte urtero.

Programa horrek hiru lan-lerro ezberdin garatzen ditu. Lehena gizarte boluntariotzakoa da, eta ardatza du ezintasuna duten pertsonekin, inmigranteekin, gutxiengo etnikoekin, zaharrekin edo gaixo daudenekin lankidetzan aritzea. Bigarren lan-lerroa ingurumeneko boluntariotza, unibertsitatean bertan edo naturguneetan. Eta azkenean, NUPek parte hartzen du Europar Batasunak edo Nazio Batuek sustatzen dituzten nazioarteko boluntariotza programetan.