Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate-Gizarte Fundazioak beste titulu bereki bat sortu du, Aditua Arnas-bideetako Fisioterapian. 2011ko abenduaren 15etik 2012ko uztailaren 1era arte iraungo du, eta parte hartuko dute nazioartean entzute handia duten arloko irakasleek. Inskripzioa Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren web orrialdea (www1.unavarra.es/fundacionuniversidadsociedad) erabiliz egin daiteke, eta epea abenduaren 9ra arte dago zabalik.

Ikastaroaren zuzendariak ondoko hauek izango dira: Ana Insausti, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea, eta Pablo Terrón Manrique eta Vanesa González Vellido irakasleak, biak Madrilgo Francisco de Vitoria Unibertsitatekoak. Ikasleen egonaldi klinikoetarako, adituaren titulu honi 12 de Octubre ospitalea eta Centro de Fisioterapia Respiratoria y Fisiobronquial delakoa, biak Madrilgo Erkidegokoak, eta Nafarroako Ospitalegunea atxiki zaizkio. Irakasleak hogei inguru dira, gehienak Espainiakoak, baina badaude kanpoko espezialistak ere, Portugalekoak, Txilekoak, Frantziakoak edo Belgikakoak, esate baterako.

Titulua Fisioterapiaren arloko profesionalei zuzentzen zaie, baina kasu bakoitza aztertu ondoren, bestelako prestakuntza duten ikasleak onartuko dira, betiere haien profila edo jarduera arloa ikastaroaren edukiei egokitzen bazaizkie.

Espainian Arnas-bideetako Fisioterapiako espezialista gehiago behar dira

Arnas-bideetako Fisioterapia Fisioterapiako espezialitate bat da, eta arnas sistemaren ezagutza sakonetik, eta halaber, arnas aparatuaren medikuntza eta kirurgia prozesuetan izaten diren alterazio fisiopatologikoen ezagutza sakonetik abiatuta, fisioterapiako hainbat prozedura garatzen du, helburua izanik torax-birika sistemaren alterazioei aurrea hartu, haiek sendatu, eta, kasua bada, egonkortzea.

Espezialitate honen eraginkortasuna eta kostu ekonomiko txikia frogatuta badaude ere, Espainian, gaur egun, espezialista gehiago behar dira. Titulu bereki berri honen bidez, Unibertsitate-Gizarte Fundazioak Arnas-bideetako Fisioterapiaren arloan nazioarteko pertsona izendunak bildu nahi ditu, hainbat eskolatako (Europako eta Latinoamerikako) ordezkariak direnak, kalitateko fisioterapeuta espezializatuak prestatzeko, gaitasun nahikoa izango dutenak Arnas-bidetako Fisioterapian sartzen diren osasun arazoak deskribatzeko, identifikatzeko eta tratatzeko.

Horretarako, ikastaroan zehar Fisioterapiaren praktika irakatsiko da ebidentzia (ebaluazioa eta tratamendua) oinarritzat hartuta, eta arnas aparatuko eritasun akutu eta kronikoak dituzten pazienteei aplikatuko zaie. Prestakuntza teorikoarekin batera egonaldi klinikoak egingo dira ospitaleetan eta Espainian arnas-aparatuko patologia duten pazienteen tratamendurako erreferentzia diren zentroetan.

Gainera, fisioterapeutei gaitasuna eman nahi zaie arrazonamendu kritikoa erabiltzeko kasu klinikoak ebazterakoan, osasungintzako beste profesional batzuekin koordinatuta, alegia, Neumologiari, Zainketa Intentsiboei, Errehabilitazioari eta Pediatriari aplikatutako Fisiologiako eta Patologiako profesionalekin.