Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateak “Merkatuak eta krisia” izenburua duen jardunaldi bat antolatu du. Jardunaldiak ekonomia arloko hainbat unibertsitate-aditu bilduko ditu egun ekonomian nagusi den asalduzko egoerari buruzko ikuspegi akademikoa eskaintzeko eta krisitik ateratzeko beharrezkoak izan daitezkeen neurriei eta jarduerei buruz eztabaidatzeko. Ekitaldia asteazken honetan, azaroaren 16an, 10:30etik aurrera egingo da goiz osoan zehar Fakultatean bertan, Nicolás Oresme Aretoan (Gurbitzak eraikinean). Sarrera libre da, aretoa bete arte.

Joseba de la Torre fakultateko dekanoak aurkeztuko du jardunaldia, eta hizlari bakoitzak hamabost minutuko aurkezpen bat egingo du. Gero, eztabaidaren txanda irekiko da, eta jardunaldiko parte-hartzaile guztiek esku hartzeko aukera izango dute.

Rafael Santamaría NUPeko Finantza Ekonomia eta Kontabilitateko katedradunak finantza merkatuei buruz hitz egingo du. Santamaría, fakultateko dekanoa eta errektore-ordea izan dena, Espainiako Finantzen Elkartearen lehendakariordea da, eta prezioei eta finantza merkatuei buruzko liburu eta artikulu ugariren egilea.

Bigarren hitzaldia Vicente Salas Espainiako Bankuko kontseilari exekutiboak eta Zaragozako Unibertsitateko Enpresen Antolaketako katedradunak emango du. Bere ikerketa-esparruak arreta jartzen du erakundeen analisi ekonomikoan, enpresen gobernuan eta jabetzan, enpresen sorreran eta berrikuntzan eta Espainiako enpresaren azterketa enpirikoetan, eta bere lanengatik Ekonomia arloko hainbat sari eskuratu ditu. Bihar krisiari eta bankuen arautzeari buruz hitz egingo du.

Enpresaren lehiakortasuna ondasunen eta zerbitzuen merkatu globaletan. Gai hori izango du hizpide Emilio Huerta NUPeko Enpresen Antolaketako katedradunak eta Minessotako Unibertsitateko Ekonomia Masterrak. Lau ikerketa-seiurteko baino gehiago ditu eta hamarretik gora liburu eta artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkarietan. Lan berrienetan Espainiako enpresek teknologian eta antolaketan izan duten berrikuntza prozesua aztertzen du.

Bestalde, José Enrique Galdón NUPeko Analisi Ekonomikoaren Hastapenetako katedradunak lan merkatua izango du hizpide eta beste erreforma bat egiteko premia dagoen edo ez. Bere kideak bezala, hainbat artikulu eta libururen egilea da, eta ikerketa lan handia egiten du arlo hauetan: makroekonomia, lan esparrua, legeria ekonomikoa, finantza bitarketaritza, hazkunde ekonomikoa eta industria antolaketa. 2011ko urtarrilaz geroztik Ekonomia Arloaren koordinatzailea da Ebaluatzeko eta Prospektibarako Agentzia Nazionalean (ANEP), Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren mendeko erakundean.

Azkeneko hizlaria Javier Díaz-Jiménez izango da, IESEko Ekonomia Saileko ohiko irakaslea eta Ekonomian doktorea Minessotako Unibertsitatean. Díaz-Jiménezek euroari buruz eta Europako erdigunearen eta periferiaren arteko gorabeherei buruz hitz egingo du. Díaz-Jiménez irakasleak makroekonomiaren ikerkuntzan eta irakaskuntzan eta aholkularitza ekonomikoan jardun du bere bizitza profesional osoan. Bere azken ikerketak zerga-erreformen eta pentsio sistemen erreformen ondorioak ditu aztergai.