Nafarroako Unibertsitate Publikoa Alfa Gaviota Proiektuko (Bistaratze Orientaturako Talde Akademikoak Teknologia Egokiekin) hamabi kideek garatuko duten mintegi praktikoaren egoitza bihurtuko da aste honetan. NUPek koordinatzen duen europar proiektu bat da, errealitate birtual, errealitate handiagotu eta eragin-truke aurreratuko teknologiak garatzea eta aplikatzea xede duena. Proiektuan parte hartzen dute Latinoamerikako zortzi unibertsitatetako eta Europako lau unibertsitatetako bederatzi herrialdetako ikertzaileek.
Errealitate birtuala ordenagailuetan eta beste hainbat gailutan erabiltzen den sistema teknologikoa da, errealitate-itxura bat erreproduzitzen duena. Hasieran bideojokoetan aplikatu zen, baina gaur egun beste hainbat alorretan ere erabiltzen da, medikuntzan edo hegaldatze-simulazioetan, kasurako. Errealitate handiagotua deiturikoak, bere aldetik, ez du errealitate fisikoa ordezkatzen, baina datu birtualak gaineratzen dizkio informazio fisiko zehatz bati, hainbat gailuren erabileraren bidez. Teknika honen aplikazio garrantzizkoak erabiltzen ari dira, dagoeneko, museoetan, jolas-parkeetan, bideojokoetan edo eraikin historikoen eraikinak berreraikitzean.
Alfa Gaviota proiektuak alor honetan lan egiteko asmoa dauka. Proiektuak hiru urteko iraupena dauka. Nazioarteko Harremanetarako Errektoreordetzak zuzenduko du, NUPeko sail hauekin lankidetzan: Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saila, Automatika eta Konputazio Saila, Matematika eta Informatika Ingeniaritza Saila eta Hezkuntza-Berrikuntzaren Arloa. Helburua da unibertsitateen arteko eremuko sare bat tinkotzea, eta emaitzak enpresen mundura eta gizarteari hurbiltzea. Hori guztia ekipamendua erosiz, aplikazioak inplementatuz, nazioarteko sei lantegi antolatuz eta truke akademikoa bultzatuz. Europako Batzordeak onetsi zuen proiektua, aurtengo urtarrilean. Aurrekontua 1.191.694 eurokoa da, eta horietatik, komunitateak 913.444 euro jarriko ditu.
Kideak
NUPez aparte, unibertsitate parte-hartzaileak honako hauek dira: Zaragozako Unibertsitatea, University of Applied Sciences Wuerzburg (Alemania), Portoko Institutu Politeknikoa (Portugal), Belgranoko Unibertsitatea (Buenos Aires, Argentina), San Luiseko Unibertsitate Nazionala (Argentina), Santa Cruz de la Sierrako Unibertsitate Pribatua (Bolivia), Pelotaseko Unibertsitate Federala (Brasil), Universidade do Vale do Río dos Sinos (Brasil), Bio-Bioko Unibertsitatea (Txile), Honduraseko Unibertsitate Teknologikoa (Honduras) eta Repúblicako Uinbertsitatea (Uruguay).
Proiektu honetan, unibertsitate bakoitzak, sareko gainerako kide guztiekin lankidetzan, konpromisoa hartzen du diziplina hauek lantzeko aplikazioak garatzeko. Aurten eta datorren urtearen hasieran, kostu baxuko laborategiak martxan jarriko direla pentsatu da. Honela, irakasleak prestatuko direla espero da, eta argitalpenen bidez material didaktikoa sortuko dela ere bai. Alfa Gaviota proiektuak nahi du, halaber, sortzen dituen ezagutza berriekin gizarte zibileko talde baztertuen tokian tokiko garapen iraunkorra bultzatzea.
NUPek koordinatzen du proiektua, esan den bezala, eta zehatz esanda, Alfredo Pina, Lengoaia eta Sistema Informatikoetako irakaslea da arduraduna. Berarekin batera “Teknologia eta Aplikazio Informatikoak Lankidetzako Inguruetarako” ikerketa taldeko Oscar Ardaiz eta Luis Diaz de Cerio irakasleak aritzen dira. Diana Calatayudek osatzen du ekipoa, bera baita kudeaketaz eta koordinazio akademikoaz arduratzen dena.
Aplikazioak museoetan, ondarean edo hezkuntzan
Proiektu honetan parte hartzen duten unibertsitateak aspaldi ari dira lanean errealitate birtualaren eta errealitate handiagotuaren aplikazioetan, hainbat alorretan. Praktikan jartzen hasi direnetako bat, museoetan jarri den gailu bat da, errealitate birtualarekin edo errealitate gehiagotuarekin eragin-trukean jartzea posible egiten duena. Honela, hainbat gailuren bidez (betaurrekoak edo pantailak), erabiltzaileak informazio osagarria lor dezake ikusten ari den obrei buruz.
Ondarearen itzulketa eta balioa handitzea da beste lan-lerro bat. Horretan arkitektoak eta informatikariak ari dira elkarrekin, era koordinatuan. Adibidez, teknika honekin harresi bat berreraiki daiteke birtualki, 3D itxuran, gero errealitateko harresian jatorrizko elementuak gaineratzeko.
Sareak hezkuntzari buruzko ekimenak ere martxan jarri nahi ditu. Horrelakoa da, esaterako, Nafarroako Unibertsitate Publikoan garatzen ari den proiektua. Eragin-trukerako mahai bat da, komunikazio nahasteak dauzkaten haurrentzat pentsatua, Anfas eta Isterriaren laguntzarekin ikertzen ari dena. Helburua da haurrak inguruarekin eragin-trukean ari daitezela, mahaiak ezagutzen dituen markatzaileekin programatutako erroboten bidez.
Jarduera irekiak jende guztiarentzat
Lan-saioekin batera, astean zehar antolatu dira baita jarduerak ere jende guztiarentzat. Zehazki, asteazkenean, azaroaren 16an, errealitate birtualari eta handiagotuari eta beren aplikazioei buruzko hitzaldi bat eskainiko du Francisco Serón Arbeloa irakasleak, Zaragozako Unibertsitateko Lengoaia eta Sistema Informatikoen katedradunak. Hitzaldia arratsaldeko 16:00etan emango da Sarioko 04. gelan eta, ondoren, Alfa Gaviota Proiektuaren esparruan, errealitate birtualeko, errealitate handiagotuko eta eragin-truke aurreratuko aplikazioen aurkezpena egingo da. Hitzaldia Unibertsitateko komunitateari zuzenduta dago baina irekia da kanpokoentzat ere.
Francisco Serón Arbeloa irakasleak hitzaldi bera emanen du azaroaren 17an, goizeko 10.00etan Navarra Factori espazioan. Sormen aplikatuaren eta berrikuntzaren arloko goi errendimenduko gunea da hau, Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzako Europako Zentroak (CEIN) sortu duena.