Joan eduki nagusira

zoom Zientziaren Asteak Berrikuntzaren ibilbidea erakusketa bisitatuz inauguratu dira Planetarioan

Zientziaren Asteak Berrikuntzaren ibilbidea erakusketa bisitatuz inauguratu dira Planetarioan

Nafarroako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Asteak, azaroaren 8tik 21era Erkidegoko hainbat tokitan egingo direnak, gaur goizean inauguratu dira Iruñeko Planetarioan Innova Nafarroako Azokaren eta Berrikuntzaren ibilbidea erakusketaren hasierarekin batera. Bertan, zenbait unibertsitatek, zentro teknologikok eta enpresak beren proiektu berritzaileetako batzuk erakusten dituzte.

Inaugurazio ekitaldian parte hartu dute Javier Armentia Planetarioko zuzendariak; (ANAIN) Nafarroako Berrikuntza Agentziaren proiektu zuzendariak, eta Lourdes Goicoechea Landa Garapeneko, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariak. Jarraian, bertaratuek erakusketa bisitatu dute Irunberriko Ikastegiko ikasleekin batera, irekiera ekitaldira gonbidatuta baitzeuden.

Berrikuntzaren ibilbideari dagokionez, NUPen aldetik, Komunikazioa, Seinaleak eta Mikrouhinak ikerketa taldeak metamaterialen esparruan egindako lana aurkeztu du. Metamaterialak modu artifizialean sortutako elementuak dira. Horretarako metalezko xafletan zuloak, edo banakako elementu erresonatzaileak (uztaiak, adabakiak edo bestelako geometriak) erabiltzen dira. Elementu horiek, jatorrizko materialean jarri diren moduagatik beragatik, jatorrizkoak ez zeuzkan propietateak eransten dituzte.

zoom Zientziaren Asteen antolaketan parte hartu duten eragileen familia argazkia

Zientziaren Asteen antolaketan parte hartu duten eragileen familia argazkia

Propietate deigarrienetako bat errefrakzio negatiboa da, honako honetan datzana: uhin elektromagnetiko bat, metamateriala zeharkatzean, angelu negatiboarekin kurbatzen da. Propietate hau erabil daiteke prestazio handiagoko eta kostu txikiagoko dispositiboak sortzeko. Esaterako, abiadura handiko sareetarako antenak, lente elektromagnetikoak (detekzio biomediko eta farmakologikoa hobetzeko) edo prisma metamaterialetarako, besteak beste.

Berrikuntzaren ibilbidea Planetarioan egongo da abenduaren 31 arte.


Jende guztiarentzat


Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Asteak dira Espainian egiten diren zientziaren eta teknologiaren gizarte komunikazioko ekitaldi handienak. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berrikuntza Agentziaren bidez, I+G+b-rekin lotutako berrogeita hamar erakunde eta entitateak koordinatu ditu Nafarroan, eta edizio honetan 99 jarduera antolatu dituzte guztira.

Zientziaren Asteen funtsezko helburuetako bat da herritarren kultura zientifikoa sustatzea eta gizartea sentsibilizatzea ikerketa zientifikoko eta berrikuntza teknologikoko jarduerei dagokienez. Hortaz, Nafarroako Unibertsitate Publikoak jende guztiarentzako jarduera programa bat antolatu du, eta http://www1.unavarra.es/unidadculturacientifica/ web-orrialdean ikusgai dago.

Gainera, azaroaren 21era arte, Innova Nafarroako Azoka topagunea izango da lantegiak, mintzaldiak, hitzaldiak esperimentuekin, ikus-entzunezkoak, eskoletarako ginkanak, emanaldiak, eta abar egiteko.