Joan eduki nagusira

zoom Zientziaren Asteen edizio bateko partaideak

Zientziaren Asteen edizio bateko partaideak

Lantegiak, erakusketak, hitzaldiak, txangoak, zinema dokumentala eta bisita gidatuak ikerketa zentroetara eskaintzen dira Zientzien Asteen harira antolatu diren 99 jardueren artean. Izan ere, Nafarroan egingo dira azaroaren 8tik 19ra, eta NUPek jende guztiarentzako hainbat proposamen eskainiko ditu.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Asteak dira Espainian zientziaren eta teknologiaren gizarte komunikazioko ekitaldi handiena. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berrikuntza Agentziaren bidez, I+G+b-rekin lotutako berrogeita hamar erakunde eta entitateak koordinatu ditu Nafarroan, eta edizio honetan hainbat jarduera antolatu dituzte.

NUPeko programazioa http://www1.unavarra.es/unidadculturacientifica helbidean dago ikusgai. Jarduerak hilaren 8an, asteartean, hasiko dira arratsaldeko 19:30ean Del mito a la razón izeneko dokumentalaren aurkezpenarekin. Kanaria Handiko Las Palmaseko Unibertsitateko Rubén Lijó da egilea eta Del mito a la razón dokumentalean zientziaren garapena historian zehar eta egin diren aurkikuntza eta aurrerapen garrantzitsuenak azaltzen dira. Dokumental hau Espainia osoko hainbat unibertsitate eta museotan aurkezten da Zientziaren Asteen harira. Emanaldia Iruñeko Planetarioan egingo da eta aurkezpena Ambrosio Liceaga Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle ohi eta www.cienciadebolsillo.com zabalkunde zientifikoko blogaren egileak egingo du.

zoom Iaz egindako ilusio optikoei buruzko lantegiko ikasleak

Iaz egindako ilusio optikoei buruzko lantegiko ikasleak

“Esperimentatu kimikarekin” izeneko lantegiak ostegun eta ostiral goizez egingo dira Unibertsitateko Kimika Aplikatuko laborategian. Lehen Hezkuntzako azken zikloko eta DBHko ikasleei zuzendutako jarduera da ezagut ditzaten kimikaren oinarrizko zenbait printzipio, eta zertan den ikertzaileen lana (hipotesiak planteatzea, behatzea, alderatzea, emaitzak aztertzea, e.a.). Jesús Echeverría Morrás katedradunak zuzenduko ditu lantegiak. Lehen astean landareen pigmentuen bereizketa landuko da geruza mehearen kromatografia teknikaren bidez, eta hilaren 17 eta 18an elektrokimikako oinarrizko printzipioak izango dira aztergai “Tic-tac, tic-tac, el reloj que funciona con zumo de naranja” izeneko jarduerarekin.

2011. urtea Oihanen Nazioarteko Urtea aldarrikatu denez, hilaren 12an, larunbatean, “Conoce mejor los bosques” izeneko txangoa antolatu da Belateko mendateko pagadietan eta larreetan zehar, ikusteko landaredia, mikroklima eta ekosistemaren funtzionamendua oihanean eta oihana ez diren tokietan. Jarduera honen bidez jendea kontzientzia hartzera bultzatu nahi da oihanek zerbitzu ekosistemikoen hornitzaile gisa duten egitekoari buruz eta oihanak kontserbatzeko premiari buruz. Bosco Imbert eta Javier Peralta irakasleek gidatuko dute txangoa, eta bertan azalduko dute ekosistema hauek kontserbatzeak duen garrantzi handia.

Fisika eta Kimika

Hilaren 15ean, Tuterako campusean “Física y química recreativas” izeneko jarduera egingo da. Izan ere, ikuskizun zientifiko bat da DBH, Batxilergo eta LHko ikasleei zuzendua. Bertan fisikako eta kimikako esperientziak aurkeztuko dira, naturako legeei eta beren ondorioei erreparatuz mirari ugariren sekretua aurki daitekeela ikusteko.

Asteazkenean, hilaren 16an, Planetarioan egingo den jardueran ere fisika izango da protagonista. 19:30ean, jende guztiarentzat, “Ley de Faraday. Una ecuación que cambió el mundo” izeneko saioa egingo da. Fisikako Saileko Antonio Vela irakasleak hitzaldi bat eskainiko du esperimentu batzuekin batera, eta fenomeno elektriko eta magnetikoak, Michael Faradayk bere esperientzia arretatsuen bidez burututakoak, ulertzeko prozesuaren ibilbide historikoa egingo du. Esperientzia hauei esker lortu zuen bere izena daraman indukzio elektromagnetikoaren legea enuntziatzea.

Zientziaren Astearen harira, Agrobioteknologia Institutuak, asteazkenean, hilaren 16an, ateak zabalduko dizkie zentroko instalazioak ezagutu nahi dituztenei; animalia eta landare osasuneko bioteknologian eta landare-bioteknologian espezializaturiko zentroa da. Institutua Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Kontseiluak eta Nafarroako Gobernuak osatzen duten zentro mistoa da.

Azkenik, osteguna den 17an, honako lantegia egingo da Planetarioan: “Conoce a Oteiza. Jugando con esculturas”, non Jorge Oteizaren eskulturetan dauden alderdiak eta kontzeptu geometrikoak azalduko baitira. Eskultoreak bere lanetan izan duen bilakaera erakutsi eta gero, parte-hartzaileek taldean lan egingo dute gero etxera eraman ahal izango dituzten eskultura batzuk erreproduzitzeko. Javier Barrallo Calonge jaunak, EHUko Arkitekturako Goi Mailako Eskola Teknikoko irakasleak, zuzenduko du jarduera.

Jarduera berritzaileak

Zientziaren Asteen esparruan eta abenduaren 31 arte, Iruñeko Planetarioan egingo da Innova Nafarroako II. Azoka eta Berrikuntzaren Pasarela, eta bertan zenbait unibertsitatek, zentro teknologikok eta enpresak beren proiektu berritzaileetako batzuk erakutsiko dituzte. NUPeko Komunikazioa, seinaleak eta mikrouhinak taldeak metamaterialen esparruan egindako lana aurkeztuko du.

Metamaterialak modu artifizialean sortutako elementuak dira. Horretarako metalezko xafletan zuloak, edo banakako elementu erresonatzaileak (uztaiak, adabakiak edo bestelako geometriak) erabiltzen dira. Elementu horiek, jatorrizko materialean jarri diren moduagatik beragatik, jatorrizkoak ez zeuzkan propietateak eransten dituzte. Deigarrienetako bat errefrakzio negatiboa da, honako honetan datzana: uhin elektromagnetiko batek, metamateriala zeharkatzean, angelu negatiboarekin kurbatzen du. Propietate hau erabil daiteke prestazio handiagoko eta kostu txikiagoko dispositiboak sortzeko. Esaterako, abiadura handiko sareetarako antenak, lente elektromagnetikoak (detekzio biomediko eta farmakologikoa hobetzeko) edo prisma metamaterialetarako, besteak beste.

Jarduera berritzaileei dagokienez, azaroaren 10ean Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroan “Acércate a la innovación abierta; Innovar más allá de tus límites” izeneko jardunaldia egingo da. Berrikuntza irekia berrikuntza-estrategia berri bat da. Enpresak edo erakundeak beren antolamenduaren barneko mugetatik harago doaz eta I+G+b-ko proiektuak elkarlanean garatzen dituzte kanpoko profesionalekin.

Jardunaldi honetan aurkeztuko dira Europan berrikuntza irekia sustatzeko sei EURIS proiektuetako batzuk. Zehazki, NUPek, Ikerketa Zerbitzuaren, Jakintza Bestetaratzeko Arloaren eta Enpresen Kudeaketa Sailaren bidez, Europako beste unibertsitate batzuekin lankidetzan, Europako eskualde batzuen artean lankidetzan aritzeko plataforma bat garatu dute (Open Research Platform proiektua) eta berrikuntza irekia aplikatzean arrakasta izan duten enpresak (Business Model for Open Innovation proiektua) aztertu dituzte.