Joan eduki nagusira

zoom Primitivo Caballero Murillo

Primitivo Caballero Murillo

Primitivo Caballero Murillo, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Landare Ekoizpeneko katedraduna, Espainiako Entomologia Aplikatuko Elkarteko buru hautatu dute, entitate horrek joan den astean Baezan (Jaen) egin duen VII. Biltzar Nazionalean. Datozen lau urteetan SEEA horren zuzendaritza organoen buru publikoa izango da, eta elkartea ordezkatuko du erakunde publiko zein pribatu guztien aurrean.

Espainiako Entomologia Aplikatuko Elkartea 1985ean eratu zen, Espainian Entomologiaren garapena sustatzeko, Nekazaritza, Basogintza eta Medikuntza-Albaitaritza arloetan. Helburuak ditu, besteak beste, Entomologia Aplikatuaren adar guztietan garapena eta ikerketa lanak sustatu, erraztu, bateratu eta hedatzea.

Elkarteak bilera zientifikoak eta foroak antolatzen ditu, loturak eratzeko Espainiako entomologo aplikatuen eta gisako adarretako zientzilarien artean. Gaur egun elkarteko kideak 350 baino gehiago dira, eta gehienek Nekazaritzako Entomologian eta Basogintzako Entomologian lan egiten dute, ikerketan, esperimentazioan, hedapenean eta irakaskuntzan. Bi urtetan behin, SEEAk biltzar bat egiten du, Entomologia Aplikatuaren arloko azken ikerketak eta lanak ezagutarazteko.

Elkarteko buru berria, Primitivo Caballero, nekazaritza ingeniaria da. Nekazaritza ingeniari doktorearen titulua Kordobako Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoan lortu zuen. NUPeko Nekazaritzako Ekoizpen Saileko zuzendaria izan da 1999tik 2008ra arte, eta 2001ean Unibertsitatea/BBVA Zientzia Zehatzen eta Biologia, Medikuntza eta Teknologia Zientzien arloetako Ikerketa Saria ikerketako ibilbide pertsonal osoari eskuratu zuen. Halaber, 2008an Ikerketa Emaitzak Bestetaratze Hoberenari Saria eskuratu zuen, NUPek eta Nafarroako Berrikuntza Agentziak emana.

Laborantzen babesari buruzko hainbat irakasgairen arduraduna da, eta ikertzaile nagusia CICYT (Zientzia eta Teknologiarako Ministerioen arteko Batzordea) entitateak, Europar Batasunak eta nekazaritza arloko zenbait enpresek finantzatutako proiektuetan. Intsektizida mikrobianoei buruzko lau patenteren egilea da, eta haren lanaren emaitza bat izan da “erroskila berdea” (Spodoptera exigua), deitzen den beldarraren aurkako biointsektizida bat. Beldar horrek izurriak sortzen ditu Espainiako hegoaldeko berotegietan.

Ikertzaile gisa hainbat egonaldi egin du Agricultural University of Wageningen (Herbehereak), Oxfordeko Institut of Virology and Environmental Microbiology (Erresuma Batua) eta Montpellierreko INRA-CNRS (Frantzia) zentroetan. Hamabi doktoretza tesiren zuzendaria izan da, biointsektizida mikrobianoei eta lanborantzen babesari buruzko lau libururen editorea, ehundik gora argitalpen zientifikoren egilea edo egilekidea eta ad hoc berrikusle zientifikoa izan da nazioarteko aldizkari zientifiko batzuetarako, ANEP organorako eta nazioarteko hainbat erakundetarako.