Joan eduki nagusira

“Pobreziaren feminizazioa: legegintza sozialaren eragina eta zuzentzeko neurriak” da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateak eta Zuzenbide Pribatuko Sailak antolatu dituzten jardunaldien izenburua. Arrosadiko campusean egingo dira jardunaldiak azaroaren 3an eta 4an. Hainbat unibertsitatetako ikertzaileek, sindikatuetako arduradunek eta berdintasuna sustatzen jarduten duten entitateetako arduradunek eztabaida egingo dute legeriak emakumeen pobrezian duen eraginari buruz eta prostituzioa bezalako bazterketa egoera zehatzei buruz.

Jardunaldiek Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren finantzaketa dute. Ostegun honetan, azaroaren 3ko arratsaldeko 17:30ean hasiko dira Gurbitzak eraikineko Nicolás Oresme Aretoan, eta inaugurazio ekitaldiaren buru izango da Elena Torres Nafarroako Gobernuko Gizarte Politika, Berdintasuna, Kirola eta Gazteria Departamentuko kontseilaria. Lehenbiziko saioa izaera orokorragoarekin planteatua dago, eta bertan, emakumeen pobrezia poltsak eta horien eragileak identifikatzeko ahalegina egingo da, eta gaurko lege esparrua aurkeztuko da, emakumeen eta gizonen arteko bereizkeriarik ez egitearen eta aukera-berdintasunaren ikuspegitik. Biharko, osteguneko, egitaraua amaitzeko, arratsaldeko 19:15etik aurrera mahai-ingurua egingo da emakumeen enpleguari eta langabeziari buruz, krisialdiaren aurretik eta krisialdiaren ondoren. Honako hauek dira parte hartzaileak: Teresa Velasco Portero, Kordobako Unibertsitateko irakaslea; Sala Ibarrola Inchusta, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren zuzendari kudeatzailea; Pilar Arriaga, Nafarroako Comisiones Obreraseko Emakumeen Departamentuko idazkaria; eta Marisol Vicente Yoldi, UGTko Berdintasunerako idazkaria.

Ostiraleko saioan, azaroaren 4koan, emakumeen pobrezia handienaren jatorrian dauden inguruabar zehatz batzuei buruz eztabaidatuko da. Hiru hitzaldi programatu dira zehazki, eta horietan aztertuko dira etxeko lanaren kontsiderazio juridikoa eta horrek pobreziaren feminizazioan dituen eraginak; guraso-bakartasuna pobreziaren eragile gisa; eta prostituten gizarte bazterketa. Jardunaldi hauetako programa osoa helbide honetan dago kontsultatzeko: http://www1.unavarra.es/actualidad/congresos