Joan eduki nagusira

NUPek Nafarroa sailkapenean lehena jarri du Informatikako Teknologien arloko irakasleen produktibitate zientifikoari dagokionez, eta nabarmendu egin du Espainia osoko unibertsitateen artean Konputazioaren Zientziak eta Adimen Artifizialaren arloan. Hauxe da Madrilgo Unibertsitate Politeknikoak produktibitate zientifikoari eta nazioarteko ikusgarritasunari buruz egin duen txostenaren emaitzetako bat, non Nafarroako Unibertsitate Publikoak kokapen altua hartzen baitu hainbat adierazleri dagokienez.

“Unibertsitate publikoetako irakasle funtzionarioen produktibitate eta ikusgarritasun zientifikoa informatikako teknologien arloan“ izeneko txostena ikerketa jarduera aztertzen eta ezaugarritzen duen azterketa bibliometrikoa da. Izan ere, hainbat mailatan egiten da: Autonomia Erkidegoak, unibertsitateak, eta ikertzaileen jakintza arloak eta lanbidearen maila (ez dira kontuan hartu kontratupeko irakasleak, baizik eta funtzionarioak soilik; hau da, katedradunak eta irakasle titularrak). Txostena Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatu du zati batean, eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Computational Intelligence Group taldeak egin du.

NUPek 15 irakasle funtzionario ditu Informatikako Teknologietan, hiru jakintza arlotan: Arkitektura eta Konputagailuen Teknologia (irakasle 1), Konputazioren Zientziak eta Adimen Artifiziala (6) eta Lengoaia eta Sistema Informatikoak (8). Soilik Errioxak dauka kopuru txikiagoa, aldiz, Andaluziako unibertsitate publikoetan 353 irakasle funtzionario daude arlo horietan, 262 Katalunian, 94 Galizian eta 69 Euskal Herriko Unibertsitatean.

Autonomia Erkidegoei dagokienez, aipuen eta argitalpenen arteko ratioa kalkulatzen denean, honako hauek dira lehenak sailkapenean: Nafarroa (6.14), Andaluzia (5.57), Euskal Herrikoa (4.05), Balear Uharteak (3.75) eta Katalunia (3.29).

Kantitatea eta kalitatea

Azterketaren egileek diote produktibitate zientifikoa funtsezkoa dela herrialde baten bikaintasun ikertzailea neurtzeko. Beraiek Espainiako Informatikako Teknologiaren arloa hartu dute ardatz “oso arlo aktiboa delako, aurrerapen berri asko eta aukera handiak dituena zubi-lana egiteko unibertsitatearen eta enpresaren munduaren arteko hurbilketarako”.

Eragin handiko aldizkari zientifikoetan argitaratutako artikulu kopurua produktibitate zientifikoa neurtzeko aukera ematen diguten eragileetako bat da, aldiz, ikusgaitasuna jasotako aipu kopurutik ateratzen da (artikulu bat zenbat aldiz aipatzen duten beste ikertzaile batzuek beren azterlan zientifikoetan). Hartaz, aipuen eta argitalpenen arteko ratioa aztertu ondoren ikusi da argitalpenetan aipu gehien dituzten unibertsitateak direla: Jaen (9.5), Granada (8.93), Nafarroako Publikoa (6.14), Pompeu Fabra (5.72) eta Girona (5.08). Horietatik, Jaen, Granada eta NUP dira era berean, hurrenkera horretan, aipu ratio handiena dutenak irakasle funtzionarioen kopuruarekin alderatuz.

Jakintza arloei dagokienez, (CCIA) Konputazioaren Zientziak eta Adimen Artifizialaren arloan nabarmentzen diren unibertsitateak dira: Granada, Madrilgo Politeknikoa, Madrilgo Carlos III, A Coruña, Balear Uharteak, Euskal Herrikoa eta Nafarroako Publikoa. “CCIA da aldizkarietan argitalpen ehuneko handiena duen jakintza arloa. CCIAko irakasleen argitalpenak dira aipu gehien jasotzen dituztenak eta, gainera, batez besteko aipu kopuru handiena jasotzen dutenak".

Azterlanean balioetsi dira baita unibertsitateek aldizkari espezializatuetan eta biltzarretan argitaratzen dituzten artikulu kopuruak ere. Kanarias eta Valentzia erkidegoek, esaterako, gehiago argitaratzen dute biltzarretan aldizkarietan baino, eta “Nafarroako eta Balear Uharteetako erkidegoak dira aldizkarietan bilztarretan baino argitalpen gehiago egiten dituzten erkidego bakarrak, % 64,04 eta % 50,49 ehunekoekin, hurrenez hurren”.