Joan eduki nagusira

zoom Jardunaldian 40 lagun inguru egon ziren

Jardunaldian 40 lagun inguru egon ziren

Akitania-Euskadi-Nafarroa Sareko (AEN) unibertsitateek jardunaldi bat egin zuten asteazkenean, urriaren 26an, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, mugaz gaindiko titulazio bateratuei eta titulazio bikoitzei buruz eztabaidatzeko. Bilkuran Nazioarteko Harremanetako Arloetako berrogeiren bat teknikarik eta arduradunek parte hartu zuten, eta goi mailako hezkuntzako ikastegi horiek abian jarri dituzten esperientza batzuk aurkeztu zituzten. AEN Sarea osatzen duten unibertsitateak ondoko hauek dira: Pabekoa eta Bordelekoa, Frantziako Akitaniaren aldetik; Euskal Herriko Unibertsitatea, Arrasatekoa eta Deustukoa Euskadiren aldetik, eta Nafarroako Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Javier Casalí Sarasíbar NUPeko Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako errektoreorde eta Akitania-Euskadi-Nafarroa (AEN) Sareko buruorde denak eman zion hasiera jardunaldiari. Lantegi honen helburua zen informazioa eskaintzea titulazio bikoitzei eta titulazio bateratuei buruzko proiektuen etorkizuneko koordinatzaileei, eta hiru eskualdeetako administrazio langile, ikertzaile eta irakasleen arteko loturak sustatzea.

Jardunaldiaren lehen zatian nazioarteko elkarren arteko titulu bateratuen eta bikoitzen aurkezpen orokorra egin zen eta, aldi berean, elkarren arteko prestakuntza sortzeko interesa, aldez aurreko baldintzak eta arautegia aztertu ziren. Halaber, AEN Sarearen esparruko mugaz gaindiko lankidetza motak aztertu ziren. NUPen aldetik, aurkezpena Carmen Jarén Graduondoko Arloko zuzendariak eta Rafael Boado Ikasleen Gaietarako eta Irakaskuntza Laguntzeko Ataleko buruak egin zuten.

Geroago, lantegian esperientzia zehatzak aurkeztu ziren. Bilkuraren bigarren zati honen helburua zen titulazio hauek sortzeko jatorria, finantzatzeko formulak eta irakaskuntzan eta ikasleen prestakuntzan lortutako emaitzak ezagutzea. Alderdi honetan, Eloísa Ramírez Vaquero NUPeko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordeak Pabeko Unibertsitatearekin batera ematen den Unibertsitate Masterra Historia, Espazio eta Ondareari buruzko Ikasketa Aurreratuetan izenekoaren ezaugarriak aurkeztu zituen. Era berean, aditzera eman zen NUPek eta Bordeleko Unibertsitateak elkarren arteko proiektu bat dutela, master bat sortzeko, osasun sustapenaren arloan.