Joan eduki nagusira

zoom Alfonso Carlosena, eskuinean, Remedios Melero-ren ondoan

Alfonso Carlosena, eskuinean, Remedios Melero-ren ondoan

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Academica-e izeneko erakunde-biltegi bat sortu du. Biltegi horren helburua da Unibertsitateko komunitatearen ekoizpen zientifikoa eta akademikoa biltzea, antolatzea, zaintzea eta zabaltzea. Biltegi zientifiko hori NUPeko erakunde webgunean dago (http://academica-e.unavarra.es/), eta bere ikerkuntza lanek dituzten emaitzen ikusgaitasuna eta eragina areagotu nahi ditu. Lehenengo fase batean, biltegiak karrera amaierako proiektuen bilduma izango du, eta gero, apurka-apurka, beste dokumentu batzuk gehituko zaizkio.

Erakunde-biltegi hori asteazken honetan aurkeztu zaio unibertsitateko komunitateari, funts publikoekin finantzatutako ekoizpen zientifikorako sarbide irekiari eta erakunde biltegien sorrerari buruzko hitzaldi batean. Sarbide Irekiari buruzko Nazioarteko Astearen karietara egin da ekitaldi hau eta aurkezlea Alfonso Carlosena Ikerketa errektoreordea izan da. Hitzaldia Remedios Melerok eman du, zeina Kimika Zientzietan doktorea baita Valentziako Unibertsitatean, eta (CSIC) Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiaren Agrokimika eta Elikagaien Teknologia Institutuko ikertzailea.

Internetek jakintza zabaltzeko eskaintzen dituen aukerek erabat aldatu dute zientzia-ikerketaren emaitzak ezagutarazteko modua. Komunitate akademiko eta zientifikoak sortutako lanetarako sarbide libre, doako eta murrizketarik gabea sustatzen duten ekimen eta proiektu guztiek osatzen dute Sarbide Irekiaren aldeko mugimendua (Open Access).

Sarbide Irekiaren aldeko mugimendurako babesa 2003ko Berlingo Deklarazioan jaso zen estreinakoz, eta gero eta babes handiagoa du nazioarteko komunitate zientifikoko kideen artean. Funts publikoekin lagundutako ekoizpen akademiko eta zientifikorako sarbide librea eskaintzean, unibertsitateak gizartearekiko duen ardura eta konpromisoa erakusten du. 2011ko ekainean onetsi zen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legeak berak unibertsitateei eta ikerketa organismoei sarbide irekiko biltegiak sortzeko eskatzen die, eta gehienbat funts publikoekin finantzaturiko jarduerak dituzten ikertzaileei beren lanak biltegi horietan uzteko eskatzen die.

Bilaketa sistema

Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko eta Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko ikasleek egindako ikasketen amaierako proiektuak daude orain arte Academica-e biltegian. Sistemak bilaketa aurreratuak eta testu osoaren bidezko bilaketak egiteko aukera eskaintzen du eta argitaratze-dataren, egileen eta tituluen araberako zerrendak ditu. Horretaz gainera, dokumentu berriak sartzen direnean, jakinarazpena egingo zaie hala nahi duten erabiltzaileei.

Egile eskubideak

Academica-e biltegian gordetako dokumentuen testuak erreproduzitzeko baimena badago, betiere azterketa pribatuetarako eta ikerketarako erabiltzen bada, eta testuaren aipamen laburrak besterik ez badira erabiltzen, egilea eta iturria aipatuz beti.

Ikertzaileek, beren dokumentuak Academica-e izenekoan uzten badituzte, egile eskubideak gordetzen dituzte, eta beste hedabide batzuetan zabaltzeko aukera dute. Bere dokumentuak biltegian uzten dituenean, egileak banaketa lizentzia ez esklusiboa onartzen du. Horren arabera baimena ematen dio Unibertsitateari sarbidea baimentzeko eta utzitako materiala jendaurrean jartzeko.

Era honetako biltegi batek duen abantaila da ekoizpen zientifikoaren ikusgaitasuna areagotzen duela, bai eta egilearen ekoizpen zientifikorako sarbidea ere. Ikerketa-emaitzak arin zabaltzea eta jakinaraztea ahalbidetzen du, eta horrek komunikazio zientifikoaren jarioa arintzen du.

Horretaz gainera, dokumentuak nazioarteko arauekin bat deskribatzeak aukera ematen du datu horiek biltegien bilatzaileen bidez berreskuratzeko Interneteko biltegi eta bilaketa zerbitzuetatik. Academica-e biltegiko fitxategi digital bakoitzak identifikatzaile bakar bat dauka esleituta, eta identifikatzaile horrek, fitxategia zehaztasunez identifikatuko dela bermatzeaz gainera, osorik gordeko dela eta denboran iraungo duela bermatzen du.