Leongo Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko katedradun Miguel Díaz y Garcíak hitzaldi bat egingo du asteazken honetan, urriaren 26an, Nafarroako Parlamentuan. Jorratuko duen gaia honako hau da: kiroleko dopinaren aurkako borroka ikuspegi penaletik. Hitzaldia Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak antolatu duten “Zuzenbidea ustelkeriaren eta iruzurraren aurrean” zikloaren barruan dago. Hitzaldia 19:30ean izango da eta jende guztiarentzat irekita egongo da.
Miguel Díaz y García NUPeko Zuzenbide Penaleko lehen katedraduna izan zen (1994-1997), eta kiroleko dopinari buruzko argitalpen ugari egin ditu. Concepción Arenal domina eman zioten delituari aurrea hartzeari eta bergizarteratzeari egindako ekarpenagatik eta Kolonbiako Legebiltzarraren Ordena Zaldun Gurutzearen Graduan Jurisprudentzia Kolonbiarraren onuran egindako lanaren aitorpenagatik.
NUPek eta Parlamentuak antolatu duten ziklo honek ustelkeria aztertu nahi du, gaurko gizartearen barruan, hau baita, inkesten arabera, hiritarrak gehien kezkatzen dituen arazoetako bat. Egitarauan dauden lau mintzaldiak arazo honi buruz izango dira, baina arazoa lau eremutan aztertuz: politikan, enpresan, kirolean eta publizitatean. Gai honetan adituak direnek emango dituzte, eta lege-ordenamenduak ematen dituen babes-tresnak zeintzuk diren azalduko dute.
Alejandro Nietok ireki zuen zikloa joan den urriaren 6an, ustelkeria Espainiako sistema demokratikoan aztertzen zuen hitzaldi batekin. Asteazken honetan Miguel Díaz y Garcíak eskainiko duen hitzaldia egitarauko bigarrena da. Gaztela-Mantxako Unibertsitateko Zuzenbide Penaleko katedraduna den Adán Nieto Martínek emango du hirugarren hitzaldia, izenburu hau daukana: "Iruzurra negozioetan, eta pertsona juridikoen erantzukizun penala". Hitzaldi hau azaroaren 17an izango da.
Laugarren hitzaldia, azkena, publizitate maltzurrari buruzkoa izango da. Hizlaria Rafael Lara González izango da. Lara Nafarroako Unibertsitate Publikoko Merkataritza Zuzenbideko katedraduna da, eta Zuzenbide Pribatuko Saileko zuzendaria. Larak hainbat liburu eta azterketa egin ditu publizitateak eragiten dituen engainuei buruz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Kontsumoko Arbitraje Batzordeko lehendakaria izan da. Bere hitzaldiaren izena honako hauxe da: “Babes juridikoa publizitate maltzurraren aurrean”, eta abenduaren 15ean izango da. Hemen ikus daiteke zikloaren egitarau osoa: www.unavarra.es