Joan eduki nagusira

Nafarroako 16 institutuk hartuko dute parte Batxilergoko II. Eztabaida Torneoan. Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Parlamentuak antolatu dute, eta urriaren 28an eta 29an egingo da. Lehen edizioan baino bi talde gehiago lehiatuko dira, eta eztabaidatuko duten galdera honako hau da: “Musika eta pelikulak internetetik libre jaistea baimendu behar da?” Irabazten duen taldeak 1000 euroko saria irabaziko du, eta finalistak 800 eurokoa.

Honako hauek dira prestakuntza-ekimen honetan parte hartuko duten ikastegiak: Barañaingo BHI, San Cernin ikastetxea, Sagrado Corazón ikastetxea, Navarro Villoslada BHI, Liceo Monjardín ikastetxea, San Ignacio ikastetxea, Calasanz-Escolapios ikastetxea, Basoko BHI, Nuestra Señora del Huerto ikastetxea, Cardenal Larraona ikastetxea, Santa Teresa de Jesús ikastetxea, Hijas de Jesús ikastetxea, Miravalles ikastetxea, El Redín ikastetxea, Tafallako Sancho el Mayor BHI eta Plaza de la Cruz BHI.

Unibertsitate Publikoa eta Nafarroako Parlamentua azken urteotan unibertsitateko eta Batxilergoko ikasleen artean sustatzen ari diren eztabaida-jardueren artean sartzen da torneo hau. Kasu honetan, Nafarroako Batxilergoko 2. ikasmailako zentro publiko eta kontzertatuetako ikasleei zuzendutako prestakuntzako eta lehiaketako ekitaldia izateko proposatzen da torneoa. Torneo honen bidez ikasleei aukera ematen zaie honako trebetasun hauek lantzeko: jendaurrean mintzatzea, taldean lan egitea, informazioa aztertzea eta argudioak sortzea. Norberaren prestakuntzan daukaten interesaz aparte, trebetasun hauek graduko unibertsitateko ikasketekin loturiko zeharkako gaitasun generikoak dira.

Prestakuntza eta lehiaketa

Batxilergoko Eztabaida Torneoan bi zati daude. Lehenbizikoan, parte hartzen duten ikasleak prestakuntza lantegi batean egongo dira. Bertan, esperientzia luzea duten profesionalek jarraibideak emango dizkiete eztabaidako oinarrizko teknikei buruz. Halaber, haiekin batera landuko dute lehiaketarako aukeratu den gaia. Bigarren edizio honetan berrikuntza bat dago: interesatuta dauden irakasleek ere prestakuntza jasoko dute. Lantegia urriaren 21 eta 22an izango da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgelategian. Lehen saioa 16:00etan izango da, 025. ikasgelan.

Beste alde batetik, lehiaketa fasea urriaren 28 eta 29rako programatu da. Hiru edo lau ikaslek eta kapitain batek osatuko dute elkarren aurka arituko diren taldeak; bakoitzak zer jarrera defendituko duen, zozketaz erabakiko da, aldez aurretik. Hitz egiteko txandak itxiak izango dira lau txandatan (hasierako azalpena, bi eztabaida txanda eta ondorioak), eta iraupena 26 minutukoa izango da, gehienez ere (talde bakoitzarentzat hamahiru minutu).

Epaimahaia NUPeko irakasleek eta antolatzaileek gonbidatutako pertsonek osatuko dute. Epaileek balioetsiko dituzten alderdiak dira, besteak beste, argudioen aniztasuna, ebidentzien zorroztasuna, hizlarien naturaltasuna eta adierazgarritasuna, ahotsa zein isiluneak menderatzea, hizkera aberatsa eta egokia eta taldearen jokaera.