Joan eduki nagusira

zoom Enrique Burgos, ezkerrean, eta José Ramón Alfaro, hitzarmena sinatzeko unean.

Enrique Burgos, ezkerrean, eta José Ramón Alfaro, hitzarmena sinatzeko unean.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Erriberako desgaitasun fisikoa duten pertsonen elkarteak (Amimet) hitzarmen bat sinatu dute gaur eguerdian, Desgaitasunari buruzko XI. Jardunaldi Nazionalak egiteko. Jardunaldi horiek urriaren 20 eta 21ean egingo dira NUPen Tuterako campusean. “Berdintasunean eta irisgarritasun unibertsalean prestatzea” da jardunaldi hauen izenburua, eta arlo honetako adituak eta profesionalak bilduko dira, abian dauden politikak ebaluatzeko eta berdintasuna eta irisgarritasun unibertsala errazten duten teknologiak ezagutarazteko. Izen-ematea doakoa da, eta Amimeten webgunean egingo da (www.amimet.com).

José Ramón Alfaro López NUPen Tuterako campuserako errektoreordeak eta Enrique Burgos Motilva Amimeteko lehendakariak sinatu dute hitzarmena. Hitzarmenaren zio-azalpenean, irisgarritasun unibertsalak duen balioari buruz eta printzipio hori errealitate bihurtzeak duen garrantziari buruz kontzientzia hartzen laguntzeko nahia erakusten du NUPek. Ildo honetan, unibertsitateak uste du oso interesgarria dela Erriberako desgaitasun fisikoa duten pertsonen elkarteak sustatutako jardunaldien antolaketan parte-hartzea, askatasun eta berdintasun printzipioa irisgarritasun unibertsalaren printzipioarekin lotzeko erronkari buruz gogoeta egitea eta eztabaidatzea baita beraien xedea.

Desgaitasunari buruzko XI. Jardunaldi Nazionalak NUPen Tuterako Ekitaldi Aretoan egingo dira, eta urriaren 20an, ostegunean, hasiera emango diete Elena Torres Miranda Nafarroako Gobernuko Gizarte Politika, Berdintasuna, Kirola eta Gazteria Departamentuko kontseilariak, Luis Casado Oliver Tuterako alkateak, José Ramón Alfaro López Tuterako campuserako errektoreordeak eta Enrique Burgos Motilva Amimeteko lehendakariak.


Prestakuntza, politikak eta teknologia


Topaketa bost hitzaldi, mahai-inguru bat eta desgaitasunari buruzko lantegi batean banatuko da. Hainbat gai aztertuko dira topaketan, hala nola prestakuntza berdintasun eta irisgarritasun unibertsalaren printzipioetatik begiratuta, irisgarritasun unibertsalaren errealitatea mugimendu sozialaren ikuspegitik edo irisgarritasuna lortzeko abian jarritako politikak. Halaber, irisgarritasun unibertsala laguntzeko gaur egun dauden teknologiak eta bitartekoak ezagutaraziko dira, eta hainbat esperientzia aurkeztuko dira, bai prestakuntzakoak eta bai politika horiek hirigintza planetan integratzekoak ere.

Programa osatzeko, bi lantegi interaktibo egingo dira. Bat, berdintasunean eta irisgarritasun unibertsalean prestatzeari eta hezteari buruzkoa, eta bestea, diseinuari buruzkoa. Bigarren honetan, parte hartzen duten pertsonek NUPen Tuterako campuseko instalazioetara bisitaldia egingo dute eta desgaitasun-simulazioari buruzko ariketa bat ere bai dauden oztopoen kontzientzia hartzeko. Desgaitasunari buruzko XI. Jardunaldi Nazionaletako programa osoa kontsultagai dago helbide honetan: http://www1.unavarra.es/actualidad/congresos