Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak parte hartuko du, bigarren urtez jarraian, asteburu honetan Beijing-en egingo den China Education Expo 2011 izeneko ferian. NUPek erakustoki bat edukiko du ekitaldi honetan, graduondo ofizialen eta titulu berekien eskaintza aurkezteko, Nazioarteko Merkataritzako Masterra batez ere, Txinako hainbat unibertsitaterekin batera ematen baitu. Javier Casalí Sarasibar, Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako errektoreordea, joango da feria honetara. Bidaia aprobetxatuz, harremanak landuko ditu beste unibertsitate batzuekin.

China Education Expo 2011 izenekoa Asiako herrialde honetan egiten diren ferietatik garrantzizkoena da. Ekitaldi hau 2002. urtetik egiten da, Txinako Hezkuntza Ministerioaren babesean. Berrogei herrialde inguruk hartuko dute parte, horien artean hauek daudela: Estatu Batuak, Australia, Japonia, Argentina, Txile, Erresuma Batua, Alemania eta Kanada. Hogeita hamar erakundek, gutxi gora behera, osatuko dute Espainiako ordezkaritza. Horien artean, hauek aipa daitezke: Deustuko Unibertsitatea, Alcalako Unibertsitatea, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa, G-9 unibertsitate-taldea edo Cervantes Institutua.

Mota honetako ferien helburua da Txinako ikasleek ezagutzea mundu guztiko 500 ikastetxe baino gehiagoren hezkuntza-eskaintza, baita bekak eta bestelako laguntzak lortzeko aukerak ere, laguntza hauek interesgarriak direlako atzerrira ikastera joan ahal izateko. Feria honen antolatzaileen arabera, 2010. urtean 300.000 bat ikasle txinatar joan ziren atzerrira unibertsitateko ikasketaren bat egitera.

China Education Expo 2011 feria urrian egiten ari da, hainbat hiritan. Lehen Beijing-en izango da, eta han egongo da NUPen ordezkaritza. Gero beste hiri hauetara joango da: Tsingtao, Xi’an, Shanghai, Wuhan, Chengdu eta Guangzhou.

Nazioarteko Merkataritzako Masterra

Joan den ikasturtetik, NUPek Nazioarteko Merkataritzako Masterra-Master of International Trade ematen du. Hau Txinaren eta latinoamerikaren arteko merkataritza-harremanez espezializatu den titulu bereki bat da. Graduondo hau Txinako hiru unibertsitaterekin batera eskaintzen da. Honako hauek, hain zuzen: Guangdong-eko Ikasketa Atzerritarren Unibertsitatea, College of Continuing Education, Tongji University eta Hunan College of Foreing Studies. Master honetako irakaskuntza-aldiaren erdia NUPen ematen da, eta gainerakoa Txinako unibertsitateetan.

Gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, nazioartekotze estrategiaren barruan, hainbat hitzarmen izenpetu ditu Txinako unibertsitate batzuekin, mugikortasun eta truke programak garatzeko, baita irakaskuntzako, ikerketako edo kulturako proiektu komunak martxan jartzeko ere.