Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak 2011. urteko Ikerketa Taldeen Katalogoa onetsi du, eta bertan biltzen dira 893 ikertzaile lanean dauden 110 ikerketa talderen osaera, ikerketa-lerro oinarrizkoak eta harremanetarako datuak. Aurreko urtearekin alderatuz, bost talde berri osatu dira: hiru Osasun Zientzien sailekoak, bat Zuzenbide Publikokoa, eta beste bat Mekanika, Energetika eta Materialen Ingenianitza Sailekoa.
Hona hemen sortu diren talde berriak eta haien ikertzaile arduradunak: “Patología crónica y del envejecimiento” (Patologia kronikoa eta zahartzaroaren patologia), Gregorio Tiberio López; “Fisiopatología y práctica clínica” (Fisiopatologia eta praktika klinikoa), Juan Manuel Casas Fernández; “Biomédica y fisiología del movimiento” (Biomedika eta mugimenduaren fisiologia) (BIOFIM), Mikel Izquierdo Redín; “Grupo de investigación para el estudio del derecho financiero de Navarra” (Nafarroako finantza zuzenbidea aztertzeko ikerketa taldea), Fernando de la Hucha Celador; eta “Ingeniería mecánica aplicada y computacional: multisólido y robótica” (Ingeniaritza mekaniko aplikatua eta konputazionala: multisolidoak eta robotika), Javier Ros Ganuza.
Unibertsitatean ikerketa taldeak dira ikerketa egituratzeko eta antolatzeko dauden oinarrizko unitateak. Lau eremu zabaletan egituratzen dira: Ingeniaritza eta Teknologia (25 talde), Oinarrizko Zientziak eta Osasun Zientziak (34), Zientzia Ekonomikoak eta Juridikoak (22) eta Giza eta Gizarte Zientziak (29). Azken hamarkadan Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa-politika bideratu da ikerketa hobetzera, hala oinarrizko ikerketa nola aplikatua, eta ezagutza bestetaratzera bai sektore produktibora bai gizartera. Horren guztiaren oinarria izango da talde guztien jardueraren etengabeko ebaluazioa.
Denboran zehar izandako bilakaerari dagokionez, 1999an Nafarroako Unibertsitate Publikoan 74 talde zeuden. 2002an 88ra iritsi ziren, 2005ean 98 ziren, eta 2010ean 105. Halaber, azken hamarkadan aldatu egin da ikertzaileen kopurua: 1999an 516 ziren, 2005ean 882, 2010ean 943, eta azken erroldan 893 zeuden.
Ikerketa Batzordeak urtero egiten dituen datu baseen bidez eguneratzen da katalogoa. Onetsi ondoren, katalogoa argitaratu egingo da unibertsitateko ikertzaile izan daitezkeenentzat gidarako balio dezan.