Ibili Elkarteak desgaitasun fisikoaren eremuan jarduten du eta aplikazio bat diseinatu du Interneten, aukera ematen duena mugikortasun mugatua dutenentzat erreserbatutako aparkalekuak aurkitzeko Iruñean, Tuteran, Burlatan, Atarrabian eta Zizur Nagusian. Izan ere, sistema berritzailea da, eta Javier Miranda Errok Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia Sailak ematen duen Aldaketa dinamikak gizarte moderno aurreratuetan egindako Master Amaierako Lanean oinarritu da. Aplikaziora sar daiteke www.ibilinavarra.org web-orrialdearen bidez, eta horrela, udalek aukera dute mugikortasun mugatua dutenentzat erreserbatutako aparkalekuak non dauden zehazteko, mugikortasun mugatua dutenek autoz egin beharreko joan-etorrietarako, doazen lekutik hurbilen eta egokien dagoen aparkalekua hautatzeko.
Javier Miranda Erro Ibili Elkarteko presidenteak eta Juan María Sánchez Prieto Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia Saileko zuzendariordeak aurkeztu dute tresna berri hau NUPen.
Aurkeztu den aplikazioak desgaitasuna dutenentzat erreserbatutako aparkalekuen gaur egungo egoerari buruzko azterlana egin du, eta adierazten du aparkalekuetako heren bat ez direla erabilgarriak balizko erabiltzaileentzat, daukaten diseinu desegokia dela eta. Zehazki, eta soilik aparkalekuen neurriei erreparatuz, ikusi da erreserbatutako aparkalekuetatik ez direla erabilgarriak Iruñean % 29, Burlatan ere % 29 eta Atarrabian % 32. Zizur Nagusia da erabilgarriak ez diren aparkaleku kopuru txikiena duena, dauzkanetatik % 8 baita ez erabilgarria.
Bilatzailea duen mapa
Ibili Elkarteak bi asmorekin garatu du lan hau. Batetik, mugikortasun mugatua dutenei, hiriguneetan autoz egin behar dituzten joan-etorrietarako, doazen lekutik hurbilen eta egokien dagoen aparkalekua hautatzeko erraztasuna eman nahi die. Web-orrialdean herri bakoitzeko kaleak eta plazak kokatzeko bilatzailea duen mapa aurkezten da eta, gainera, eremu bakoitzean erreserbatuta dauden aparkalekuen xehetasunak eta kokapen zehatza ematen da. Aparkaleku bakoitzak badu datuen fitxa bat, honako hauek azaltzen dituena: kokapen zehatza, luzera eta zabalera, mota (errenkadan edo baterian), deskribaketa, argazkiak eta irisgarritasunaren ebaluazioa. Baliospen horren arabera, aparkalekuak honela sailkatzen dira: irisgarriak (mugikortasun mugatua dutenek erabiltzeko gutxieneko legezko betebeharrak batetzen badituzte); erabilgarriak (edo izatez irisgarriak, nahiz eta arauak ezartzen dituen neurriak ez bete); eta ez irisgarriak (erabili ezin direnean diseinu desegokia daukatelako).
Baina, gainera, Ibili Elkarteak aplikazioa udalen eskura jarri nahi du, erreserbatutako aparkalekuen inbentarioa modu egokian kudeatu eta ezagutzera emateko aukera izan dezaten. Komunitateari eskaitzen zaion zerbitzu hau etengabe eguneratua izan behar da, gerta daitezkeen bajen, alten, edo aldaketen berri emateko, herritarrei informazioa helarazteko sistema izateaz gain. Ibili Elkarteak bere analisia zabaltzeko asmoa du erreserbatutako aparkalekuak dituzten herri guztietara. Gainera, aplikazioa informazio gehiago bilduz joango da pixkanaka. Izan ere, herri bakoitzeko interesguneen kokapena, ekipamenduak, zerbitzuak, jarduerak eta bestelako datuak sartzea aurreikusten da.
Era berean, Ibili Elkartearen azterlanak egiaztatzen du udalek sistematikoki ez dituztela betetzen erreserbatutako aparkalekuei buruzko arauak. Esaterako, legeek ezartzen dute aparkalekuen % 6 erreserbatu egin behar direla mugikortasun mugatua duten pertsonentzat, eta Iruñeko kasuan, ehuneko hori ez da ezta % 2ra ere iristen.
Azkenik, aipatzekoa da baterian jarrita dauden aparkalekuak direla irisgarritasuna hobekien bermatzen dutenak, ibilgailura sartzeko eta ateratzeko aukera eskaintzen dutelako bi aldeetatik, betiere neurri eta diseinu egokiak badituzte. Honi dagokionez, azterlanean adierazten da Burlatako eta Tuterako aparkaleku irisgarri eta erabilgarrien heren bat bakarrik dagoela baterian; Zizurren eta Iruñean erdia direla, eta Atarrabian % 75 direla baterian daudenak.