Joan eduki nagusira

zoom Gelako lehenengo ikasleak, beren diplomak banatzeko ekitaldian

Gelako lehenengo ikasleak, beren diplomak banatzeko ekitaldian

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Energia Berriztagarrien Gelak orain urtebete abian jarri zenetik hona egindako ibilbidearen balantzea egin du. Beren Ikasketen Amaierako Proiektuak edo Master Amaierako Lanak Gela honen baitan egin dituzten ikasleen % 75 baino gehiago enpresa parte-hartzaileek kontratatu zituzten gero, eta proiektu horietako batzuen kasuan patenteak eskatu dira.

Energia Berriztagarrien Gela erakunde hauen arteko lankidetza egonkorrerako eremu bat da: NUP, sektorean puntakoak diren lau enpresa (Acciona Energía, Acciona WindPower, Gamesa eta Ingeteam) eta CENER energia berriztagarrien nazio mailako ikerketa zentroa. Bazkide parte-hartzaileen artean jakintza trukatu eta bestetaratzeko zientzia, irakaskuntza eta ikerketa jarduerak batera egitea da bere helburua.

Pablo Sanchis ingeniaritza elektrikoko irakasle titularrak zuzentzen du gela. 2010eko ekainean inauguratu zen, eta aurtengo ikasturtean 45 Ikasketen Amaierako Proiektu eta Master Amaierako Proiektu eskaini ditu. “Beraz, aurreko ikasturtean eskainitakoak halako bi baino gehiago eta hasieran, gela sortu zenean, aurreikusitakoak halako lau baino gehiago”, aipatu du. Proiektuak gelaren instalazioetan, unibertsitateko sailetan eta enpresetan egiten dira. “Ikasturte honetan, NUPeko 28 irakaslek parte hartuko dute eta enpresetako 32 profesionalen laguntza dute. Proiektuak industria ingeniaritzaren eremuko titulazioetara zuzentzen dira batez ere, baina telekomunikazio, informatika eta nekazaritza ingeniaritzekin lotutako batzuk ere eskaintzen dira.

Gela abian jarritako lehen urtean unibertsitateko 15 irakasle eta enpresetako 16 profesional aritu ziren proiektuen tutore gisa. Unibertsitate-Gizarte Fundazioak prestatutako gogobetetasun inkestetan, 10eko eskala batean, ikasleek eta enpresek 8,1 y 8,3 puntuko gogobetetasun maila izan zuten, hurrenez hurren. Proiektu gehienek bikain kalifikazioa lortu zuten eta ohorezko matrikula batzuk ere izan ziren.

Jarduera paraleloak

Aipatu proiektuez gainera, Energia Berriztagarrien Gelak ikastaroak, mintegiak eta irakasle, aditu eta profesionalen prestakuntza eta truke jardunaldiak antolatzen ditu. Hala, 2010ean I. Hitzaldi Zikloa egin zen. Zikloan 200 pertsona inguruk parte hartu zuten, haien artean energia eolikoaren, eguzki energia termikoaren eta eguzki energia fotovoltaikoaren esparruko entzute handiko adituak. 2011-12 ikasturtean bigarren zikloa egingo da, eta hainbat gaitan jarriko da arreta, hala nola energia berriztagarriak sare elektrikoan integratzea, ibilgailu elektrikoa, hidrogenoaren teknologiak eta biomasa zentralak.

Halaber, joan den urtean Energia Eolikoaren Europako Akademiaren EAWE Summer School 2010 ikastaroa egin zen, eta sorgailu elektrikoekin eta airesorgailuentzako bihurketa teknologiekin lotutako prestakuntza-ikastaro batzuk eman ziren.