“Modelado 3D de la UPNA aplicado a realidad aumentada y a Google Earth” izeneko proiektua. Hau izan da Mikel Perales Urmeneta Soinua eta Irudia espezialitateko Telekomunikazio ingeniariak egin duen Ikasketen Amaierako Proiektua, eta hari esker, Nafarroako Unibertsitate Publikoa hiru dimentsiotan ikusteko aukera dago Google Earth-en bidez. “Pozik nago azken emaitzarekin —dio—. Lortu dugu NUPen eredu birtual bat sortzea eta Interneten partekatzea, jatorrizkoa bezalakoa, testura ongi islatzen duena eta eremua modu egokian kokatzen duena, eta hori guztia Google Earth-ek ezartzen dituen tamaina mugak izanda ere”.
Iosu Azkue Odriozolak, Lengoaia eta sistema informatikoen irakasleak eta proiektuaren tutoreak, helburu bikoitza zeukan: Alde batetik, Nafarroako Unibertsitate Publikoa 3D diseinu programa baten bidez modelatzea, gero eskuragarri ipintzeko Google Earth-en bidez, eta aldez aurretik egindako diseinuei Errealitate Handiagotuko teknologia aplikatzea lortzea.
Iruñea hiriaren elementu bakan eta adierazgarri gutxi batzuk baizik ez daude ikusgarri Google Earth-en: Nafarroako Artxibategi Nagusia, ipar aldeko harresia, Gotorlekua, Baluartea edo Nafarroako Erresuma futbol zelaia. Mikel Peralesek, bere proiektuarekin, Unibertsitate Publikoa gehitu dio eraikin-multzo horri. “Uste dut unibertsalago egiteko modua dela, eta Nafarroako jendearentzat, orokorrean, eta Iruñekoarentzat bereziki, zer garrantzizkoa den azpimarratzeko, teknologia berrien aplikazioaren bidez”, adierazi du.
NUPen hiru dimentsioko ordezkapen birtual horrek eraikinik nabarmenenak erakusten ditu: liburutegia, ikasgelategia, errektoretza, sail eraikinak, administrazioa eta kudeaketa eraikina, jantokiak eta kafetegia. “Eraikinak 3D moduan jartzean, Google SketchUp delakoa erabili nuen. Eraikinen informazio guztia edukitzeko, argazkiak atera genituen, interneteko irudiak edo Google Earth-en beraren irudiak erabiltzeak ez zuelako balio, datu garrantzizkoak falta dituztelako". Modelatuaren aldi honetan, zailtasunetako bat neurriak mantentzea izan zen, eta beste bat, modeloaren barruan elementuak behar den bezala jartzea, jatorrizkoa errespetatuz.
Hala ere, arazorik handiena elementuei testura emateko garaian etorri zen. (alegia, objektuak eduki dezan itxura zimurra, edo lisoa, edo gastatua, eta abar). Hau beharrezkoa da birtualki sortutako objektuek errealismo handiagoa eduki dezaten. “Bi gauza hartu behar genituen kontuan: lurra, eta lur horren gainean dauden eraikinak. Bi kontu hauek ongi sinkronizatu ezean, azken emaitza ez da ona izaten".
Gainera, Google Earth-ek fitxategiak igotzeko ezartzen duen tamaina-muga zailtasun erantsi bat izan da. “Esaterako, zuhaitzak jarri genituen lurrean, azken modeloko errealismoa handiagoa izan zedin, baina 3D moduan jartzen bagenuen, sortzen zen fitxategia hain zen astuna, ordenagailuak berak ere ezin baitzuen erabili. Irtenbidea izan zen zuhaitzak 2D moduan sortzea, baina modu honetan: zuhaitz bakoitzak zortzi alde zituen, ardatz bertikal batek lotzen zituen zortzi aldeok, eta aldeen artean 45 graduko tartea zegoen. Honela, emaitza eraginkorra eta sinesgarria zen, eta gainera erabilgarria da". Hala eta guztiz ere, ontzat jotzeko azken prozesuan, Google Earthek ezetsi zuen lurraren modelazioa, esanez azalera handiegia betetzen zuela, eta eraikinak aplikazioaren jatorrizko lurrean egokitu behar zirela. “Beraz, eraikin guztiak berregin behar izan genituen, eta aldaketa hau guztiz asebetetzekoa izan ez bazen ere, aprobetxatu genuen testuraren bat hobetzeko eta errealismo handiagoa emateko”.
Proiektuaren aldi honen bukaeran, modeloaren girotzea egin zen, eta gero Google Earth-en txertatu. Egileak uste du etorkizuneko lan-lerro ugari dagoela jarraitu ahal izateko: Arrosadiko campuseko gainerako eraikinen modelatua egitea, eta Osasun Zientzien eraikina gehitzea, baita Tuterako Campusa ere.
Errealitate Handiagotua
Proiektuaren bigarren helburua zen Errealitate Handiagotua izeneko teknologiaren aukerak ikustea, NUPeko 3D modeloari aplikatua. Errealitate Handiagotua terminoak honako hau definitzen du: mundu errealaren inguru fisikoaren ikuspegi bat, elementu birtualekin nahasten dena, halako moldez non errealitate mistoa sortzen baita, denbora errealean. “Horixe da errealitate birtualarekiko ezberdintasun handiena: Ez duela ordezkatzen errealitate fisikoa, baizik eta inprimatzen dituela datu informatikoak mundu errealaren gainean”, esaten digu lanaren egileak.
Proiektua garatzean, lortu zuen hutsetiko errealitate handiagotuko aplikazio bat sortzea, horretarako, prozesuaren zati handienean, erabilera libreko programak erabiliz. “Marker direlakoak Unibertsitatearen logotipoekin inplementatu genituen; hala ere, hainbat testura lortzeko arazoak daude, eta ezin izan diogu arazoari erabateko konponbidea aurkitu".
Proiektuaren bigarren aldiko emaitzak ez dira nahi bezain onak izan. “Programa ongi ibili zen eredu xehekin, baina aplikazioak NUPeko 3D modeloarekin funtzionatzeko, beharrezkoa genuen ordaindu behar den programa informatiko bat, erabili dugun tresna baino konplexuagoa dena eta errealismo handiagoa eskaintzen duena".