Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate-Gizarte Fundazioak bi prestakuntza-ibilbide antolatu ditu 30 urtez beherako langabetuentzat. Horietan, lanbide kualifikatuan jarduteko orientazio ekintzak, lanerako prestakuntza eta praktikak enpresetan emango dituzte. Ekimen hau Nafarroako Erkidegoko langabetuei zuzenduta dago, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren diru-laguntza dauka Nafarroako Gobernuak 2011. urterako ezarritako krisiaren aurkako neurrien eremuan.
Urtearen azken hiruhilekoan egingo diren ibilbide hauen helburua da langabezian dauden pertsonen lanbide kualifikazioa hobetzea, lehentasunez unibertsitate tituludunak, Nafarroako Enplegu Zerbitzuetan izena emana dutenak. Bi ibilbideak doakoak dira, bakoitzean 20 lagunentzako lekua dago, eta 100 ordukoak dira. Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren Prestakuntza Arloan izena emateko aukera dago lekuak bete arte. Arlo horrek bulegoak ditu Sario eraikinean eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Enplegu Agentzietan. Ibilbide hauei buruzko argibide guztiak ikusteko daude honako helbide honetan: http://www1.unavarra.es/fundacionuniversidadsociedad
Lehen ikastaroaren xedea da parte-hartzaileen laneratzea areagotzea, enpresetan gehien zabaldu den metodologietako bati buruzko ezagupenak hartuz: proiektuen kudeaketari buruz, alegia. Gainera, prestakuntza hau osatzeko, norberaren gaitasun profilari buruzko hausnarketa egingo da, ateratzen diren emaitzetan oinarrituz, laneratze-plan pertsonalizatua egiteko. Ikastaroa urriaren 17tik azaroaren 25era arte egingo da.
Bigarren ibilbideak profesional kualifikatuen gaitasunak garatzea izango du ardatz. Programan sartzen da hausnarketa egitea parte-hartzaileek gaitasun eta trebetasun gabeziei buruz, prestakuntzara joatea hori antzeman eta hobetzeko, eta gaitasun horien trebakuntza egitea prestakuntza praktika baten bidez. Kasu honetan, ikastaroa azaroaren 2tik abenduaren 14ra arte egingo da.
Ibilbideak tutoretzapeko orientazio lehen fase batekin hasiko dira, enplegu kualifikatua bilatzeko. Bigarren parteak gaitasunak garatzeko proiektuen kudeaketan prestatzea izango du ardatz; eta aldiz, hirugarrenean, Unibertsitate-Gizarte Fundazioarekin lankidetza hitzarmena duten enpresetan prestakuntza praktikak egingo dira.