Joan eduki nagusira

zoom Idoia Campo Aranguren

Idoia Campo Aranguren

Idoia Campo Aranguren kimikan lizentziadunak bere doktoretza tesian biodiesela sintetizatzeko katalizatzaile heterogeneoen erabilera aztertu du. Bioerregai horrek petrolio dieselaren antzeko ezaugarriak ditu, eta izaera berriztagarriaren abantailak. Katalizatzaile homogeneoekin beharrean, katalizatzaile heterogeneoen garapenean jardun du, horiek “katalizatzailea berreskuratu eta berrerabiltzeko eta ingurumen eragina nabarmen murrizteko bidea ematen baitute”.

Transesterifikazio esaten zaion erreakzio batean oinarrituz sortzen da biodiesela. Landare-olioa eta alkohol arin bat, orokorrean metanola, konbinatzean datza. Olioaren triglizeridoek, katalizatzaile bati esker, metanolarekin erreakzionatu eta biodiesel bihurtzen dira (zehatzago esanda, gantz-azidoen estere metiliko, zeinek osatzen baitute biodiesela).

“Tesi lan honetan biodiesel ekoizteko industria prozesuetan inplementatzeko aukera duen katalizatzaile heterogeneo bat garatzeko oinarriak ezarri ditugu”, azaldu du ikertzaileak. Gainera, katalizatzailearen portaera zehazten duten parametro eraginkorrenak identifikatzea lortu du.

Zehazki, aski aktiboak eta egonkorrak ziren oinarrizko katalizatzaile heterogeneoak prestatzea izan zen ikerketaren helburu nagusia. Biodiesela sintetizatzeko erreakzioak ekilore olioa erabiliz egin ziren. “Katalizatzaile homogeneoak oso aktiboak dira, baina ezin dira berrerabili, bereizteko ederki kostatako faseak igaro behar dira, eta behar bezala tratatu behar diren hondakin-ur kantitate handiak sorrarazten dituzte”, azaldu du. Horregatik, interes handia dago katalizatzaile heterogeneo mota berri hau erabiltzeko, “erreakzioan disolbatzen ez direnez, prozesuaren etapak errazten dituztelako eta katalizatzailea berrerabiltzeko aukera ematen dutelako eta biodiesel ekoizpenaren ingurumen eragina murrizten dutelako”.

Gaur egun biodiesela da petrolioaren bidez lortzen den diesel fosilaren alternatiba eskuragarri bakarra. Europar Batasunean lehen belaunaldiko bioerregai garrantzitsuena da. Izan ere, 2010ean ia 9,6 milioi tona sortu ziren eta garraioen sektorean 10,7 milioi petrolio tonaren baliokidea kontsumitu zen.

“Katalizatzaile heterogeneoak biodiesela sintetizatzeko” izenburua duen tesia Luis Gandía Pascual eta María Cruz Arzamendi Manterola NUPeko Kimika Aplikatuko Saileko irakasleek zuzendu dute. Ikerketa garatu bitartean erdietsitako emaitzen ondorioz bost argitalpen egin dira hainbat nazioarteko zientzia aldizkaritan eta hainbat komunikazio nazioko eta nazioarteko biltzarretan.

Idoia Campo Aranguren Kimikan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean eta Karrera Amaierako Aparteko Saria jaso zuen. 2005. urtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erreaktore Kimikoen ikerketa taldean sartu zen Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren Unibertsitateko Irakasleak Prestatzeko beka bati esker. Egonaldiak egin ditu Lovainako Unibertsitate Katolikoan (Belgika) eta Newcastle-upon-Tyne Unibertsitatean (Erresuma Batua). Gaur egun Ikerketa Laguntzaile jarduten du NUPeko Kimika Aplikatuko Sailean.