Joan eduki nagusira

zoom Antonio Muñoz Molina.

Antonio Muñoz Molina.

Antonio Muñoz Molina idazleak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Jorge Oteiza Katedrak antolatutako idazketako ikastaro bat emango du irailaren 27 eta 28an. Zikloaren izenburua “Ipuina eta begirada” da, eta saioak Nafarroako Museoan egingo dira. Sarrera doakoa da, izena aldez aurretik emanda. Izena emateko, (catedrajorgeoteiza@unavarra.es) posta elektronikoko helbidera idatzi behar da edo 948 168480 telefono-zenbakira deitu, 11:00etatik 14:00etara. Ikaspostu kopurua mugatua da, beraz eskaerak hartzen diren hurrenkeran onartuko dira.

Jorge Oteiza Katedraren “Zeharkako ikuspegiak” zikloan sartzen dira saioak, eta xedea da, hainbat autore garaikideren bidez, aztertzea zergatik estilo sortzaile bera aritzen den hainbat praktika edo generotan barna.

Ikastaroan kontakizun motak aztertuko dira, ikusizkoa nola edo hala erabakigarria dutenak: ikuspuntua eleberrian, ikuspegia zineman, enkoadraketa argazkigintzan, eta pinturan eta argazkietan dauden istorio esplizituak eta inplizituak. Funtsezko ideia da kontakizun literarioak edo ikusizkoak jasotzen ditugunean, arreta jartzea jakintzat ematen dugun horretan: hau da, ikuslearen edo irakurlearen irudimen aktiboa zein elementutan oinarritzen den kontakizun osoa eratzeko. Bi saio antolatu dira, eta Nafarroako Museoan egingo dira 19:00etatik 21:00etara.

Nobelagilea, artikulugilea eta irakaslea

Antonio Muñoz Molina Úbeda herrian (Jaén) jaio zen 1956an. Kazetaritza ikasketak egin zituen Madrilen eta Artearen Historian lizentziatu zen Granadako Unibertsitatean. Bere narratiba lan zabalean honako lan hauek daude: El invierno en Lisboa (1987), Kritika Saria jaso zuena eta baita Literatura Sari Nazionala ere (1988), El jinete polaco, Planeta saria 1991n, eta, berriz ere, Literatura Sari Nazionala (1992), Los misterios de Madrid (1992, hasiera batean serial gisa argitaratua El País egunkarian), Ardor guerrero (1995), Plenilunio (1997), En ausencia de Blanca, Sefarad (2001), Ventanas de Manhattan (2004), El viento de la Luna (2006) eta La noche de los tiempos (2009). Lan gehienak berriro argitaratu dira.

Hainbat argitalpenetan jardun du artikulugile gisa, horien artean ABC eta El País egunkarietan; azken honetan ia etengabe aritu da 1990. urtetik. Bere artikuluak honako bilduma hauetan bildu dira: El Robinson urbano, Unas gafas de Pla eta La vida por delante, besteak beste. Kazetari lanengatik González-Ruano eta Mariano de Cavia sariak jaso zituen 2003an. Bere lanak hogei bat hizkuntzatara itzuli dira.

Muñoz Molinak Iparramerikako zenbait unibertsitatetan irakasle lanetan jardun du; horien artean Ciudad de Nueva York Unibertsitatean (2001-2002), eta 2004 eta 2006. urteen artean Cervantes Institutuko zuzendaria izan zen bertan. 2007. urtean Honoris causa doktore izendatu zuten Jaengo Unibertsitatean. 1995. urtetik Espainiako Erret Akademiako kidea da. Madrilen eta New Yorken bizi da, eta gaur egun irakaslea da New York Universityko gaztelaniazko sormen idazketarako programan. Elvira Lindo idazlearekin ezkonduta dago.