Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak irailaren 9an, ostiralean, 2011-2012 ikasturtearen hasiera ekitaldi ospetsua izango du. Ekitaldia 12:00etan hasiko da, Sario eraikineko Fernando Remacha ikasgelan, eta buru izango dira Julio Lafuente López Unibertsitateko errektorea eta Yolanda Barcina Angulo Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Haiekin batera egongo dira Nafarroako Foru Komunitateko agintari nagusiak eta unibertsitate komunitateko kideak.

José Miguel Múgica Grijalbak egingo du Hasierako Ikasgaia, “Marketina goi mailako hezkuntzan aplikatzea” izenburuko mintzaldia emanez. José Miguel Múgica Grijalba Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Merkaturatzea eta Merkatuen Ikerketako katedraduna da.

Ekitaldia hasteko, Javier Etxeberria Martorell NUPeko idazkari nagusiak 2010-11 ikasturteari dagokion oroitidazkia irakurriko du. Halaber, parte hartuko dute Julio Lafuente López errektoreak eta Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariak, 2011-12 ikasturteari hasiera emango diona. Ekitaldiko alderdi musikala Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko Metalezkoen Taldeak eta Unibertsitateko Abesbatzak beteko dute.

José Miguel Múgica Grijalba madrildarra da. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da. Unibertsitate hartan Doktoretzako Aparteko Saria lortu zuen. Nekazaritza ekonomiari buruzko graduondoko ikasketak eginak ditu Wisconsingo Unibertsitatean. Múgica Grijalba Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakasle titularra izan da, baita Madrilgo Carlos III Uinbertsitateko katedraduna ere.

Bere ibilbide profesionalean zehar unibertsitateko kudeaketarekin zerikusirik duten hainbat lanpostu eduki ditu. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Ekonomia Gaietarako idazkariordea eta dekanordea izan zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Enpresen Kudeaketa Saileko zuzendaria eta Plangintza eta Gai Ekonomikoetarako errektoreordea (1999-2003).

Argitalpen asko egin izan ditu aldizkari nazional eta nazioartekoetan, beti berak ikertu ohi dituen gaiei buruzkoak: txikizkako merkataritza eta banaketa-kanalak; zerbitzuen marketina eta produktibitatea; bezeroaren gogobetetzearen eta leialtasunaren azterketa eta kudeaketa.

2006tik 2011ra bitartean, José Miguel Múgica Grijalba Aragoiko Unibertsitate Prospektiba eta Kalitatearen Agentziako zuzendaria izan da. Agentzia hau zuzenbide publikoko erakundea da, Aragoiko Gobernuaren Hezkuntza, Unibertsitate, Kultura eta Kirola Departamentuari atxikia, eta bere eginkizun nagusia komunitate autonomo honetako unibertsitate sistema ebaluatzea da.