José Ramón Juárez Rodríguez telekomunikazio ingeniariak bere doktoretza tesian ikertu du nola hobetu datu baseen erreplikazio-protokolo informatikoak. Izan ere, sistema horiek aukera ematen dute informazioa hainbat zerbitzaritan gordetzeko eta informazio hori erabiltzailearengana azkar eta modu garbian iristeko. Gainera, datuak beti eskura egongo direla bermatzen du, zerbitzariek huts egin arren. NUPeko Matematika eta Informatika Ingeniaritza Sailean laguntzaile gisa jarduten duen ikertzaile honek dioenez, “guk dakigula, ezaugarri oso ezberdinak dituzten protokolo aukera zabal baten zuzentasuna aztertzeko esparru komun bat emateko gai den lehen lana da hau”.
Gaur egun informazio kopuru ikaragarriak gordetzen dira datu baseetan, geroago eskuratu eta erabili ahal izateko. Datuen erreplikazioak hainbat gunetan gordetzeko aukera ematen du. ”Oso modu laburrean esanda, –azaldu du José Ramón Juárezek— nik ikertu dudana da nola eduki informazioa hainbat gunetan zehar banatuta eta edonork informazio hori kontsultatu eta aldatu ahal izatea, baina, norbaitek zerbait aldatzen badu, eta beste norbaitek datu horiek beste gune batetik kontsultatzen baditu, datu horiek jada aldatuta ikusiko dituela”.
Pentsa dezagun banku entitate baten datuetan (kontuak, saldoak, mugimenduak), enpresa handi baten datuetan (langileak, bezeroak, fakturazioa, nominak), dokumentuak “hodeian” edo Googlen gordetzeko lekua eskaintzen duten zerbitzuetan, milioika web-orrialderen informazioa gordetzen eta kontsultatzen dutenetan, norbaitek bilaketa bat egiten duenean, behar dituen emaitzak emateko. “Informazio hori guztia ezin da leku bakar batean gorde, tamaina erraldoia duelako, eta makina bakar batek arazoak izango lituzkeelako hainbeste datu erabiltzeko. Gainera, informazioa eskuratu ahal duten pertsona edo zerbitzuen kopurua oso handia da eta, guztiek aldi berean ahaleginduko balira, kontsultaren erantzun denborak edo datuen aldaketak ezinezkoak izango lirateke”.
Datuen erreplikazioarekin, informazio bera hainbat zerbitzaritan eskuratu daitekeenez gero, erabiltzaileek eskaera bat egiten dutenean, ez doaz guztiak makina berberera, baizik eta iristeko karga hainbaten artean banatuz egin daiteke. Erabiltzailearen eskaerari erantzuteko denbora laburtzen da eta datuen eskuragarritasuna ziurtatzen da zerbitzari batek huts egin arren, informazio hori eskuragarri egongo litzatekeelako beste erreplika batean. “Datu baseen erreplikazioaren erronka da egiten diren transakzioak erabiltzea datu base lojiko bakar batean egin izan balira bezala, eta modu gardenean erabiltzailentzat” azaldu du José Ramón Juárezek.
Bere tesian aztertu du nola funtzionatzen duen sistemak barnetik, ikusteko gero zein algoritmo diseina daitezkeen. “Adibidez, kutxazain automatiko batera bazoaz eta zure kontuko diru guztia ateratzen baduzu, eta ondoren beste kutxazain batera bazoaz eta zure saldoaren kontsulta egin, zure kontuan dirurik ez duzula azaldu beharko litzateke. Guk ikertzen duguna da informazio hori banatzeko modua dauden errepliken artean, akats bat ere sor ez dadin eta kopiaren zuzentasuna bermatu ahal izateko”. Horrela bada, erdiesten dira sistemaren osagaiek bete beharko lituzketen hainbat propietate, aukera ematen dutenak diseinatzeko haietako bakoitzak nolako portaera izango duen eta datuak zuzentasunez erreplikatzeko jarraitu beharreko algoritmoak/protokoloak.
Hierarchical Correctness Proof of Deferred-Update Protocols for Database Replication with Crash Failures (Eguneratze geroratuko erreplikazio-protokoloen zuzenketa-proba hierarkikoa, huts egin duten datu baseen erreplikaziorako) izeneko doktoretza tesia Matematika eta Informatika Ingeniaritza Saileko José Ramón González de Mendivil Moreno eta José Enrique Armendáriz Íñigo irakasleek zuzendu dute, eta bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du.
José Ramón Juárez Rodríguez Telekomunikazio ingeniaria da EHUn, eta 2005. urtetik NUPeko Sistema Banatuen Taldeko ikerketa bekaduna izan zen. Gaur egun irakasle laguntzailea da Matematika eta Informatika Ingeniaritza Sailean. I+G+B Plan Nazionaleko hainbat ikerketa proiektutan parte hartu du, eta enpresa pribatuekin egindako zenbait ikerketa kontratutan ere bai. Ikerketa egonaldiak egin izan ditu Minhoko (Portugal) eta Luganoko (Suitza) unibertsitateetan. Aldizkari zientifikoetan argitaratutako zenbait artikuluren egilea da, eta liburu batzuetako kapituluen egilea ere bada. Hogei bat komunikazio ere egin ditu nazioarteko biltzar batzuetan.