Joan eduki nagusira

zoom Arrosadiko Campusean emandako hitzaldietako baten irudia.

Arrosadiko Campusean emandako hitzaldietako baten irudia.

Unibertsitateak hasiera eman dio gaur ostiralean 2011-12 ikasturteari, graduko lehen ikasmailako ia 1.700 ikasle berriei Harrera Egiteko Eguna eskainiz. Graduko gainerako ikasleek eta titulazio zaharretako lehen eta bigarren zikloetako ikasleek datorren irailaren 5ean, astelehenean, hasiko dituzte eskolak.

Harrera eguneko egitaraua NUPek ematen dituen 16 gradu-titulazioen aurkezpenarekin hasi da. Ikasle berriek beren lehen harremana eduki dute egin behar duten karrerarekin, gaztelaniaz eta euskaraz emandako hitzaldien bidez. Hitzaldiotan irakaskuntzari buruzko argibideak jaso dituzte, baita esleitu zaizkien ikasgela edo lantegiei buruzkoak ere. Aurkezpen hauek Arrosadiko campuseko hainbat eremutan egin dira, baita Tuterako campusean ere, Unibertsitateak han Fisioterapia gradua eta Diseinu Mekanikoko Ingeniaritza ematen baititu.

Harrera egunaren lehen zatia bukatu eta gero, ikasleek, taldeka, Uinbertsitateko instalazioak bisitatu dituzte gidari batekin. Hala, Arrosadiko campusaren barruan, liburutegia, jantokiak eta kiroldegia bisitatu dituzte.

zoom Ikasle talde bat Campuseko bisitan.

Ikasle talde bat Campuseko bisitan.

Aurtengo berrikuntza informazio-saio bat izan da, zeinean ikasleek NireIkasgelategia plataforma ezagutu baitute. Hau lanabes birtual bat da, unibertsitate komunitate guztiari irekia, hainbat aukera ematen dituena: irakasgaiak eta azterketak kontsultatzea, gaiaren araberako taldeak sortzea, informazioa trukatzeko, eta dokumentazioa gorde eta elkarbanaztea. NireIkasgelategia irakaskuntzarako plataforma bat da. Bertan, erabiltzaile bakoitzak NireGunea izeneko leku pertsonala dauka, eta, horren barnean, norberak bakarrik erabiltzeko tresnak daude, sarbide esklusibokoak. Halaber, aukera ematen du webgune pertsonalizatuak sortzeko, sarbide kontrolatukoak, talde-lana egiteko eta edukiak argitaratzeko.

Eskolak, astelehenetik aurrera

Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 2011-12 ikasturteko lehen seihilekoko eskolak datorren astelehenean, irailaren 5ean, hasiko dira, bai graduetako ikasleentzat, baita lehen eta bigarren zikloko titulazio zaharretako ikasleentzat ere. Lehen seihilekoak 2012ko urtarrilera arte iraungo du.

Datorren astean, ostiralean, irailaren 9an, ikasturteko hasiera-ekitaldi solemnea izango da. Julio Lafuente NUPeko errektorea eta Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakaria izango dira ekitaldiko buruak.