Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Zinematekarekin lankidetzan, zinema-ziklo berri bat jarriko du abian, eta XX. mendeko film hoberenak proiektatuko dira. “Ezinbesteko zinema: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren topaketak Zinematekan” da ekimenaren izenburua, eta programa honek urte hauetan izan duen harrera onaz baliatuko da kalitateko zinten aldeko apustuarekin jarraitzeko. Jatorrizko bertsioan eta espainierazko azpitituluekin proiektatuko dira, bai unibertsitateko komunitatearentzat eta bai nafar gizarteko gainerako kideentzat ere.
Nafarroako Zinematekan prentsaurreko bat egin da zikloaren helburua eta ezaugarriak aurkezteko, eta han izan dira Eloísa Ramírez Vaquero NUPeko Gizarte eta Kultura Proiekziorako errektoreordea, Ana Zabalegui Nafarroako Gobernuko Kulturako zuzendari nagusia eta Koldo Lasa Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuko zuzendaria.
“The Phantom of the Opera” (“Operako mamua”), “Modern Times” (“Garai modernoak”), “Citizen Kane” (“Kane hiritarra”) edo “The Fortune Cookie” (”Zortearen galleta”) dira NUPen zinema-proposamen berri honetarako aukeratutako filmetako batzuk. Zinema-zikloa Nafarroako Zinematekan egingo da asteazkenetan, 20:00etan, 2011ko urritik 2012ko maiatzera arte. Prezio bereziak egongo dira unibertsitateko komunitatearentzat eta hamar sarrerako txartelak erosteko aukera ere bai.
Zikloak XX. mendeko zinemaren ibilbide kronologiko bat egingo du, eta “ezinbestekoak” diren bi film aukeratuko dira hamarkada bakoitzetik. Adituek aurkeztuko dituzte filmak. Horretaz gainera, ikasturtean, zinemagileren bat gonbidaduko da (zuzendaria, aktorea, gidoigilea, etab.) bere filma aurkez dezan, eta bisitaldi horiek baliatuko dira ikusleekin topaketak antolatzeko. Ziklo osoa www.unavarra.es/cultura helbidean kontsultagai dago.
Halaber, berritasun modura, NUPeko ikasleek Graduko aukerako kredituak edo Hautaketa Libreko kredituak lortuko dituzte zikloan parte hartzeagatik. Ikasturte amaieran ikusitako filmei buruzko txosten bat aurkeztu beharko da kredituak lortzeko.
35.000tik gora ikusle hamaika ediziotan
35.000tik gora ikusle izan dira “Zinema Atik Zra” zikloaren hamaika edizioetan proiektatu diren 200dik gora filmetan. Ekimen hau 2000. urtean sortu zuen NUPek Saide-Olite zinema-aretoekin lankidetzan, eta filmak jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin proiektatzearen aldeko apustua egin zen. Aurten abian jarriko den ezinbesteko zinemari buruzko zikloan egingo den bezala, “Zinema Atik Zra” zikloan ere adituek aurkezten zituzten zintak.