Joan eduki nagusira

Udako Euskal Unibertsitateak bost kultura ikastaro eskainiko ditu euskaraz Nafarroako Unibertsitate Publikoan, bi entitateen artean sinatutako lankidetza hitzarmen bati esker. Irudiak editatzea, komunikazio eraginkorra, jendaurrean mintzatzea, basoaren sekretuak ikertzea, eta buru mapak dira ikastaro hauetarako hautatu diren gaiak. Ikastaroetako batzuk urrian hasiko dira eta gainerakoak 2012an. Izena emateko aukera dago irailaren 5etik aurrera Kultura Jardueren Atalean, Ikasgelategiko 019. gelan, goizeko 8:30etik 14:30era bitartean. Interesa dutenentzat, argibide gehiago daude http://www1.unavarra.es/cultura webgunean.

Unibertsitatearen kultura eskaintzan eta Euskara Gelan sartzen dira bost ikastaroak, eta ehun ikaspostu (hogei jarduera bakoitzeko) eskaintzen dira guztira. Ikastaroetako bi urria eta azaroa bitartean egingo dira. Lehenbizikoak, “Era eraginkorrean komunikatzeko trebetasunak” izenekoak, modu natural eta argian komunikatzeko tresna errazak eta eraginkorrak ezagutzera ematea du xede. “Argazkigintza digitala eta GIMP. Irudiak editatzeko programa librea” da 2011n emango den bigarren ikastaroa, eta parte-hartzaileek kamera digitalak erabiltzen ikastea eta programa libre honen bidez ahalik eta etekin gehien ateratzea du xede.

Udako Euskal Unibertsitateak euskaraz programatu dituen beste hiru ikastaroak 2012ko otsailaren eta apirilaren artean emango dira. Ikastaroetako batek “Basoaren sekretuak ikertzea” izenburua du, eta haietatik jasotzen diren onurei, aurkitzen dituzten arazoei, eta ezkutatzen dituzten sekretuei buruzko ikuspegi bat eskaintzea du xede. Bigarrenak, buru mapen bidez ideiak antolatzea eta sortzea du ardatz; eta azkenak, parte-hartzaileek ideiak jendaurrean adierazteko eta komunikatzeko trebetasunak hobetzea.

NUPeko kultura ikastaroen Euskara Gelak seigarren ikastaro bat ere eskaintzen du, eta honako hau Nafarroako Bertsozale Elkarteak emango du. Izan ere, bertsoak sortzen hasteko lantegi bat da, iraila eta abendua bitartean emango da eta 20 ikaspostu eskaintzen ditu.