Nafarroako Unibertsitate Publikoak guztira 36 kultura-ikastaro eskainiko ditu 2011-12 ikasturtean, eta gehienez ere 666 lagunek parte hartu ahalko dute. Jazza XXI. mendean, zinema dokumentala, marrazketa edo sukaldaritza osasungarria dira NUPeko Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzak antolatu dituen proposamenetako batzuk. Kultura-ikastaroetan izena emateko epea heldu den irailaren 5ean hasiko da, unibertsitateko kideentzat, eta 15ean, instituziotik kanpoko pertsonentzat.
Matrikula Kultura Jardueren Atalean, Ikasgelategiko 019. gelan, edo Tuterako campuseko Argibide Bulegoan egin behar da, goizeko 8:30etik eguerdiko 14:30era bitartean. Interesa dutenek eskaintza honi buruzko informazio gehiago eskuratzeko aukera dute Kultura Jardueren Bulegoan, 948 168972 eta 948 168478 telefono-zenbakietara deituz; actividades.culturales@unavarra.es posta elektronikoko helbidera mezua bidaliz, eta http://www1.unavarra.es/cultura web-orrialdean, eta hortik programa osoa behera kargatzeko aukera dago.
36 ikastaroak zazpi gelatan banatuta daude: Euskara, Ondarea eta Arte Plastikoak, Musika eta Arte Eszenikoak, Komunikazioa, Irudia eta Soinua, Zientzia eta Teknologia, eta Gastronomia. Ikastaroak heldu den urrian ematen hasiko dira eta 2012ko maiatzean amaituko dira.
Ikastaroak arloka
Euskara Gelak ikasturte honetan sei kultura-ikastaro eta honako gai hauek eskaintzen ditu programazioan: era eraginkorrean komunikatzeko trebetasunak, argazkigintza digitala, buru mapak, jendaurrean mintzatzea, basoaren sekretuak ikertzea, eta bertsolaritza lantegia.
Ondarea eta Arte Plastikoen Gelan sei ikastaro eskaintzen dira, eta haietatik bi (pintura I eta II) Tuterako campusean egingo dira. Horrez gain, marrazketa eta pintura errealitatetik izenburupeko ikastaroak ere berriro eskainiko dira eta beste bi sartuko dira, honako izenburu hau dutenak: “Erakusketak bisitatuz” eta “Txinara hurbiltzeko saioa: zinema eta sukaldaritza”.
Musika eta Arte Eszenikoen Gelak osotara zazpi ikastaro programatu ditu. Horien artean “Ahots Talde Modernoa” (I eta II), “Topaketak Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin” ikastaroak ere berriro eskainiko dira, musika konposatzeko informatika-tresnak, musika jartzeko artean hastea eta denbora errealean bideosorkuntzan hastea ikastaroekin batera. “Jazza XXI. mendean” izeneko ikastaroa izango da berrikuntza.
Komunikazio Gelak zazpi ikastaro eskaintzen ditu: jendaurrean mintzatzeari buruz (I eta II); nola egin proiektu bati buruzko ahozko azalpena; Irakurketa Taldea (I eta II); eta eztabaida lantegiak (hastekoa eta aurreratua).
Irudia eta Soinua Gelak prestatu dituen bost ikastaroak zinemarekin eta argazkigintzarekin lotuak daude. Film laburrei, zinema dokumentalari eta ezinbesteko zinemari buruzko ikastaroak prestatu dira; bai eta argazkigintza digitalari buruzkoak ere (hasierakoa eta aurreratua).
Azkenik, Zientzia eta Teknologia Gelak photoshop ikastaro bat soilik eskainiko du; eta Gastronomia Gelak berriz ere eskainiko ditu “Bizirauteko sukaldaritza” (I eta II), eta aurreko ikasturtean ematen hasi zen “Sukaldaritza ongi gelditzeko” izenekoa.