Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak epea zabaldu du “Erasmus-Praktikak enpresetan” programaren nazioarteko praktikak eskatzeko. Aipatu programa Nazioarteko Harremanetarako Atalak eta Unibertsitate-Gizarte Fundazioak kudeatzen dute, azken honek bere Enplegu Zerbitzuaren bidez. Guztira praktiketarako 16 postu eskaintzen dira, 2011ko irailaren 1etik 2012ko irailaren 30era arte egin ahalko direnak. Gutxienez ere 3 hilabete eta gehienez ere 12 hilabete iraungo dute. Eskaerak aurkezteko azken eguna 2012ko apirilaren 30a da.

Erasmus-Praktikak enpresetan izeneko programa baldintza batzuk betetzen dituzten Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleei dago zuzenduta, eta bere xedea da praktikak egitea atzerrian, batez ere Unibertsitate-Gizarte Fundazioak kudeatutako enpresen poltsan dauden harrera erakunde edo enpresetan.

Poltsa horretan ez dauden enpresetan ere egin daitezke praktikak, beti ere eskatzaileak berak proposatzen badu enpresa bat eta bertan praktikak egiteko enpresa horrek emandako onespena aurkezten badu.

Hautagaiak NUPeko edozein titulazio ofizialetako ikasleak izan daitezke, betiere Europar Batasuneko Erasmus programan parte hartzen duen herrialde bateko nazionalitatea badute eta oraindik ez badute beren titulua eskatu edo Ikasketen Amaierako Proiektua edo Lana matrikulatu.

Horretaz gainera, dagokion xede-hizkuntzaren gutxieneko ezagutza maila egiaztatu beharko dute. Ingelesari eta frantsesari dagokienez, B2 maila eta alemanari eta beste hizkuntza batzuei dagokienez, B1 maila. Nazioarteko praktika hauek 3 kredituko irakaskuntza balioa dute.