Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak sarbide-irizpide berriak onartu ditu Unibertsitateko ikasketak hasita dituzten beste unibertsitate batzuetako ikasleentzat eta ikasketak hasita graduz aldatu nahi duten unibertsitateko ikasleentzat.

Unibertsitateko ikasketa ofizialen arauketa berriaren ondorioa da aldaketa hori, eta, zehazki, 2008ko azaroaren 14ko 1892/2008 Errege Dekretuko xedapenen ondorioa. Beste gai batzuen artean, ikasketaz eta/edo unibertsitatez aldatzen diren ikasleen sarbidea arautzen du errege dekretu horrek. Arauketa berriak aldaketa esanguratsuak sartu ditu lehengo araudiarekin alderatuz gero espedienteak lekualdatzeari dagokionez.

Horretaz gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak zeharkakotasunaren aldeko apustua egin du ematen dituen graduen oinarrizko prestakuntzan. Horretarako, oinarrizko prestakuntzako irakasgai asko komunak dituzten ikasketa planak diseinatu dira, bereziki ikasketa plan horiek jakintza arlo berari atxikiak badaude. Eskakizun jakin batzuk betetzen badituzte iIkasleei unibertsitateko ikasketetako lehen ikasmailako bigarren seihilekoan ikasketez aldatzeko aukera emango dien mekanismo bat ezartzeko beharra sortu du horrek.

Arauketa berriaren arabera, Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak erabakiko du ikasturte eta titulazio bakoitzerako zenbat ikaspostu gordeko diren, bai beste unibertsitate batzuetatik datozen ikasleentzat, bai atzerriko ikasketen baliokidetza partzialaren bidez sartzeko eta graduko lehen ikasmaila hasita ikasketez aldatu nahi dutenentzat. Ikaspostu horiek ez dira sarrera berriko ikaspostu gisa zenbatuko.

Beste unibertsitate batzuetako ikasleak

Gutxienez ere 30 ECTS aitortu behar zaizkie ikasketak beste unibertsitate batean hasita dituzten ikasleei, sarbide mota hau erabil dezaten. Halaber, beren sarbide notak izan beharko du eskaera aurkeztu aurreko ikasturteari dagokion titulazioaren atalase-nota baino handiagoa edo berdina.

Eskaera gehiago badaude ikaspostuak baino, lehentasuna izango dute xedeko titulazioaren jakintza-adar bereko titulazio batetik datozen ikasleek, eta, nolanahi ere, eskaerak sarbide notaren arabera ordenatuko dira.

Ikaspostua esleitzean ikasketa espedientea lekualdatuko da, eta jatorriko unibertsitateak tramitatu beharko du.

Atzerriko ikasketen baliokidetza

Bestalde, atzerriko ikasketen baliokidetza partzialaren bidezko sarbidea NUPen arautu da. Modalitate hau aukeratzeko modua izango dute atzerriko unibertsitate ikasketa ofizialak hasita edo, bukatuta izanda ere, Espainian titulua homologatu gabe duten ikasleak, gutxienez 30 ECTS baliokidetzen bazaizkie.

Titulazio bakoitzerako erreserbatu diren ikaspostu baino eskaera gehiago baldin badago, baliokidetutako ECTS kredituen araberako hurrenkeran antolatuko dira eskaerak, eta ikaspostua lortuko dute baliokidetutako kreditu kopuru handiena duten ikasleek.

Bai kasu honetan eta bai beste unibertsitate batzuetatik datozen ikasleen kasuan ere, ez bazaizkie aitortzen edo baliokidetzen 30 ECTS gutxienez, edo ez badute ikasposturik lortzen beste arrazoi batengatik, onarpen eskaera aurkezteko aukera izango dute aurreinskripzioaren ohiko bidetik.

Ikasketaz aldatzea

Lehen ikasmailako udazkeneko seihilekoa amaitu ondoren ikasketez aldatzea ere arautu du Gobernu Kontseiluaren erabakiak. Aldaketa hori eskatu ahal izateko, ikasketa planeko lehen seihilekoko 30 ECTSak egin eta gainditu behar dituzte ikasleek. Horretaz gainera, egindako eta gainditutako bost irakasgaiek sartu nahi den ikasketa planaren lehen seihilekoan zeharkakoak izan behar dute.

Aldaketa eskatzen duten ikasleei sarbide-nota ere kontuan hartuko zaie. Unibertsitateak sartu nahi den titulaziorako ikasturte horretan ezarri duen atalase-nota baino handiagoa edo nota berdina izan beharko du.

Atzerriko tituluen homologazioa

Azkenik, goi mailako atzerriko tituluak homologatzeko tutoretzapeko ikastaroak egiteko modua arautzen du erabakiak. Ikasturte bakoitzerako, eskaerak aurkezteko epea ireki baino lehen, Gobernu Kontseiluak ezarriko ditu ikasle horientzako ikaspostuen erreserba-kupoak titulazio bakoitzerako, tutoretzapeko ikastaroak eginez goi mailako hezkuntzako atzerriko unibertsitate ikasketak homologatu nahi badituzte. Ikaspostu horiek ez dira sarrera berriko ikaspostu gisa zenbatuko.

Eskaera kopurua ikaspostu kopurua baino handiagoa bada, lehentasun ordena bat ezarriko da gainditu gabeko irakasgaietako kredituen arabera, halako eran non kreditu gutxien geratzen zaizkien ikasleek lortuko dute ikaspostua.