Zerbitzu bat hodeian, autonomoek, dendadunek eta ETEek beren online denda sor dezaten, bai Interneten, bai Facebooken. Horixe da, hitz gutxitan, “PalBin.com”, Alejandro Fanjul NUPeko tituludunak garatutako plataforma. Proiektu hoberenaren saria eman diote plataforma horri duela gutxi egin den La Red Innova Open Talent lehiaketan. Sariari esker, BBVAk 100.000 euro arteko finantzabidea eta doako aholkularitza zerbitzua emango dizkio negozioak garatzeko. Proiektu horrek SeedRocket inbertitzaileen lehiaketa irabazi zuen urte honetan bertan, eta nazio mailako Business Angels nagusiek 20.000 euro eman zizkioten inbertsio gisa.
Alejandro Fanjul eta Enrique Andreuk sortu eta garatu dute www.palbin.com. Merkataritza elektronikoko plataforma bat da, eta joan den ekainean egindako nazioarteko lehiaketan irabazle suertatu zen. Nazioarteko 318 proiektu aurkeztu ziren lehiaketa horretara. “Oso pozik gaude sariarekin —azaldu du Alejandrok— eta nik neure aldetik gogora ekarri nahi dut NUPen jaso nuen prestakuntza, eta, zehatzago, Mikel Sagües nire Ikasketen Amaierako Proiektuaren zuzendaria. Espero dut sari hau baliagarria izango dela, halaber, unibertsitateko ikasleen artean, aukerak sortzeko, eta erakusteko lan aukera ugari daudela eta proiektu berritzaile eta erakargarriak sor ditzaketela ekintzaile gisa.”
PalBin sortzeko arrazoi nagusia izan zen dendari eta autonomo gehienek Interneteko merkataritza elektronikoari buruzko ezagutzarik ez zutela. “Kostu txikiko plataforma bat da, eta hilero harpidetza txiki bat ordaintzearen truke, laguntza ematen die dendadun, profesional eta ekintzaileei beren negozioak sendotzeko informatikari edo Interneti buruzko ezagutza teknikoak eduki beharrik gabe”, esan du.
Alejandro Fanjul Fernández (Gijón 1980) Telekomunikazio ingeniaria da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Bere jarduera profesionala “new media” eta telebista digital interaktiboaren arloan hasi zuen, eta “Mhproject” I+G taldeak garatutako “ATS-Interactiva” proiektuaren bidez aitorpen soziala lortu zuen. Hainbat enpresatan aholkulari lanetan aritu eta gero, Sioka Interneteko, Mugikorretako eta Telebistako garapen eta aholkularitza enpresa sortu zuen Enrique Andreurekin batera, eta orain urtebete “PalBin.com” proiektua jarri zuten abian.
Finalera heldu ziren 20 proiektuetatik, irabazle suertatu zenaz gainera, lehiaketan lau proiektu hauen balioa ere aitortu zuten: “Gáneselo” (Txile), online enkanteetan espezializatutako konpainia; “Invgate” (Argentina), IT-ren arloan erabiltzaile eta enpresentzat aukera handiak eskaintzen dituen eredu guztiz disruptibo bat proposatzen duen teknologia arloko enpresa; “Junar” (Txile), datuetan eta estatistikan espezializatutako enpresa; eta “Groovinads” (Argentina), adimen artifizialaren bidez online publizitatea optimizatzen duen plataforma.