Nafarroako Unibertsitate Publikoko nekazaritza ingeniaria den Ana María Gracia Amillok, bere doktoretza tesian, eredu matematiko bat prestatu du; eredu honek kalkulatzen du, denbora-tarte laburretan, edozein ingurutan dagoen plano batek jasotzen duen eguzki-erradiazioa. Lan honek bere ondorio praktikoak eduki ditu honez gero, hiri-inguruneetako modulu fotovoltaikoak edo kolektore termikoak ipintzeko tokirik onena zein den jakinarazten duen programa informatikoa garatu delako; izan ere, software honek neurtzen du oztopoek (eraikinek, teilatuek, orientazio geografikoak, etab.) noraino eragiten duten eguzki-energia atzemateko planoek jasotzen duten eguzki-erradiazioaren zenbatekoan.
Doktoretza tesiaren izena da “. NUPeko Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko José Luis Torres Escribano katedradunak zuzendu du, eta bikain cum laude kalifikazioa lortu.
Eguzki energia aprobetxatzeko edozein sistema egoki diseinatu ahal izateko, behar-beharrezkoa da atzemateko plano bakoitzaren gainean dagoen eguzki-erradiazioari buruzko informazio xehea edukitzea. “Gaur arte garatu diren eredu gehienek ez dute aukerarik ematen eguzki-baliabidearen zenbatekoaren estimazio zorrotza egiteko, batez ere atzemateko planoa inguru konplexu batean badago, esaterako hiri batean, non balizko oztopoek erradiazio zuzenari eta erradiazio difusoari eragiten ahal dioten”, adierazi du ikerketaren egileak.
Tesi honetan garatu duen ereduak hainbat eredu partzial batu ditu. Horietako batzuk lehendik ere bazeuden, baina beste batzuk berri-berriak dira. Ereduak erradiantziaren banaketa angeluarrari jarri dio arreta, baita erradiazio orokorraren bi osagarrietako bakoitzari ere: erradiazio zuzenari (eguzkitik bertatik datorrena) eta difusoari (hau zeru-sabaiaren beste edozein puntutatik datorrena da, esaterako eguzkia hodeiek estaltzen dutenean ikusteko argia ematen duena). Gainera, behar ziren kalibrazioak sartu ditu, ereduak kalkulua denbotra-tarte laburretan egin ahal izan dezan, baita Iruñekoak bezalakoak izan daitezkeen atmosfera baldintzetan ere.
Kalkulu-ereduaren jokabidea ebaluatzeko, lana osatu zen saiakera-plataforma bat eraikiz, non eguzki-erradiazioa atzemateko ploanoen gaineko orientazio eta altura desberdineko oztopoak jartzen ahal ziren. “Hainbat saiakuntza eginez, hiria bezalako inguru konplexuko balizko eguzki-aprobetxamendurako sistema bateko intsolazio-baldintzak –intsolazioa toki batera eguzki-erradiazioaren bidez energia kantitatea da– simulatu ahal izan genuen”, esan digu Ana María Graciak, “hitz batez, inguru konplexu batean dagoen edozein atzemate-planoren gainean eskuragarri dagoen eguzki-baliabide orokorra ebaluatzen ahal dugu, denbora-tarte laburretan eta beste hainbat metodologiak eskaintzen duena baino zehaztasun handiagoarekin”.
INNOVATIC proiektua
Kalkulu-eredu hau dagoeneko aplikatu da Innovatic proiektuan, Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko ikerlariek koordinatzen duten proiektua, hainbat erakunde eta enpresaren laguntzarekin. Proiektua HeliosGIS deitzen den aplikazio informatikoa garatzean datza, edozein tokitan eskuragarri dagoen eguzki erradiazioa zehatzago jakiteko balio duena. Horretarako, programak eguzki erradiazio osoaren bi osagarriak (difusoa eta zuzena) bereizten ditu, eta beste metodologia batzuek baino modu zehatzagoan deskribatzen du osagarri difusoaren jatorria. Gainera, interbisibilitatearen analisiari esker, erakusten du oztopo guztiek (beste eraikuntza batzuek, teilatuek, orientazio geografikoak eta abarre) atzemate-planoek jasotzen duten eguzki-erradiazioaren –zuzenaren eta difusoaren– kantitatean eragiten dutela.
Programa honek erraztuko du teknikarien lana, aukeratu behar dutenean zeintzuk diren eguzkiaren energia aprobetxatzeko tokirik egokienak; bestalde, balizko erabiltzaileen artean eguzki-aprobetxamendu termiko edo fotovoltaikoaren instalatzaileak, arkitektura-bulegoak, hiri-planifikatzaileak eta energia-agentziak daude.
Ana María Gracia Amillo NUPeko nekazaritza ingeniaria da eta 2006an Nafarroako Gobernuaren Industria Departamentuaren prestakuntza eta espezializazio beka jaso zuen. Horri esker bere prestakuntza aurrera eraman ahal izan zuen NUPeko Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Sailean. Geroago aipatu INNOVATIC proiektuan laguntzaile ibili zen. Halaber, hainbat artikulu argitaratu ditu, lankidetzan, zenbait argitalpen zientifikotan, eguzki-baliabidearen kudeaketa eta aprobetxamenduarekin loturiko naioarteko bi proiektutan lan egin izan du, eta nazioko zein nazioarteko kongresu batzuetan parte hartu izan du.