Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: José A. Oguiza, Antonio G. Pisabarro, Lucía Ramírez, José Luis Lavín, Gúmer Pérez eta Manuel Alfaro, guztiak Genetika eta Mikrobiologia Ikerketa-Taldeko kideak

Ezkerretik eskuinera: José A. Oguiza, Antonio G. Pisabarro, Lucía Ramírez, José Luis Lavín, Gúmer Pérez eta Manuel Alfaro, guztiak Genetika eta Mikrobiologia Ikerketa-Taldeko kideak

Science aldizkariak Serpula lacrymans onddoaren genoma-sekuentziari buruzko ikerketa lan bat argitaratu du. Ikerketan parte hartu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gerardo Pisabarro de Lucas eta José Antonio Oguiza Tomé irakasleek, Mikrobiologiako katedraduna bata eta titularra bestea, hurrenez hurren. Ikerketa Estatu Batuetako Energia Departamentuak finantzatu du gehienbat, Kaliforniako Joint Genome Institute (JGI) institutuaren bidez. Nazioarteko partzuergo batek egin du eta helburua da jakitea onddo horrek zuraren lignina degradatzeko zer nolako estrategiak erabiltzen dituen. Beharrezkoa da osagai hori zuhaitzetatik ezabatzea zelulosa ateratzeko. Izan ere, zelulosaren bidez alkohola ateratzen da eta alkohol hori bioerregaiak ekoizteko erabili nahi da.

NUPeko Genetika eta Mikrobiologia Ikerketa-Taldea zuzentzen du Lucía Ramírez Landare Ekoizpeneko katedradunak, eta taldeko kide dira aipatu bi irakasleak. Taldea eremu bereko beste bi proiekturen buru da Kaliforniako JGIrekin batera, eta beste lau proiektutan ere parte hartzen du. Science aldizkariak, munduan eragin handiena duen zientzia aldizkari estatubatuarrak, argitaratu du lana. Erresuma Batuko unibertsitate bat izan da buru, eta AAEEBB, Alemania, Ingalaterra, Norvegia, Frantzia, Suedia eta Espainiako hainbat ikertzailek parte hartu dute.

Ikerlanean S. lacrymans onddoaren genomaren sekuentzia osoa zehaztu da, eta horrek bidea eman du jakiteko zein diren onddo horrek zuraren lignina degradatzeko erabiltzen dituen mekanismoak eta estrategiak. Zuraren zelulosa babesten duen plastiko zorro moduko bat da lignina. Genoma sekuentziatzeak ikertzaileei bidea ematen die jakiteko zein arma erabiltzen dituen onddo horrek lignina degradatzeko, eta zein gene erabiltzen diren prozesuan zehar. “Ikerketa honen bidez lortu nahi dugu onddo horrek lignina erasotzea gure mesedetan, eta modu kontrolatuan”, dio Gerardo Pisabarrok.

Zelulosa erabiltzea bioerregai gisa

Zuraren zelulosa eskuratu ahal izateko lignina ezabatzea, tratamendu kimiko oso garesti eta kutsagarrien bidez egin daiteke, edo bestela, tratamendu biologikoen bidez, S. lacrymans bezalako onddoak erabiliz. Zelulosak baditu hainbat erabilpen: altzarien zuraren osagai gisa, edo, tratatu ondoren, papera edo zuntz naturaleko ehunak egiteko. Azken urteotan, eta funtsean, erregai fosilekiko alternatibak bilatzen ari direnez, glukosaren erabilera aztertzen ari dira glukosa alkohol bihurtu eta horren bidez bioerregaiak ekoizteko.

Proiektu hau oso lotua dago Gerardo Pisabarrok Joint Genome Institute-rekin koordinatzen duen beste proiektu batekin, zeinak 12 onddoren genomen adierazpena alderatzeko asmoa baitu, zuraren lignina degradatzeko zein estrategia erabiltzen diren jakiteko xedez. Genetika eta Mikrobiologia Ikerketa-Taldeak onddo horiei baldintza berdinak ezartzen dizkie, ikusteko, duten egoeraren arabera, zein gene adierazten diren. Teknika hau transkriptomika alderatua izenarekin ezagutzen da eta bidea ematen du organismo baten geneen adierazpen maila kuantifikatu eta alderatzeko. Genoma-zehaztapen alderatua lortzeko ahalegin hori garrantzi handikoa da ezagutzeko ez soilik onddoen funtzionamendua, baizik eta beste organismo konplexu batzuen eta gaixotasunen garapenaren ezagutzan aurrerapenak egiteko ere bai. Erantzun nahi den galdera zientifikoa ez da organismoak zer egiteko gai diren (analisi genomikoa eginez, beren geneak ezagutuz erantzuten dena), baizik eta hori nola egin dezaketen (azterketa transkriptomikoa eginez erantzuten dena, beren geneak nola erabiltzen dituzten aztertuz).

Azkenik, aipatu beharrekoa da Genetika eta Mikrobiologia Ikerketa-Taldea osatzen dutenak buru izan zirela ostra perretxikoaren, Pleurotus ostreatus, genomaren sekuentziatzio proiektuan, izan ere, industria helburuetarako zuraren degradazio prozesuetarako organismo eredu bat dena.