Joan eduki nagusira

zoom Huarte de San Juan aldizkariaren azken alearen azalaren irudia

Huarte de San Juan aldizkariaren azken alearen azalaren irudia

Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartzen diren ikasleen % 80k aski gaitasuna dauka hizkuntzetan (ingelesa edo frantsesa) ikasketak bukatzen dituztenean eskatzen zaien maila (B1) lortzeko. Hori baieztatzen du Filologia eta Hizkuntzen Didaktika Saileko María Camino Bueno Alastuey eta Ana Ballarín Castán irakasleek graduko titulazioetako hainbat ikasleren artean egin duten ikerketa konparatibo batek. Ikerketaren izenburua hauxe da: “Gaitasun linguistikoa NUPen sartzean. Graduko hainbat titulaziotako konparazio-azterketa”, eta NUPeko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak editatzen duen Huarte de San Juan aldizkariaren azken alean argitaratu da, oraingo honetan Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika hartu baitira aintzat. Liburua salgai dago 11 eurotan.

Europako Unibertsitate Eremua ezarri denez geroztik, NUPek hasi du aldaketa prozesu bat ikasleen prestakuntzan, atzerriko hizkuntzen arloan. Aldaketak bi arlo hartzen ditu: prestakuntza bera eta titulazioa bukatzean eskatuko zaien maila. Gradu ikasketak bukatzen dituztenean ikasleek lortu behar duten gaitasun linguistikoa B1 maila da. Maila hau hainbat modutara egiazta daiteke: egiaztagiri ofíciala aurkeztuz, azterketa gaindituz, hizkuntza horretako migikortasun programetan parte hartuz, aukeratutako hizkuntzan gutxienez hiru irakasgai gaindituz, edo hizkuntza hori erabiliz gradu amaierako lana prestatzean eta defenditzean.

Gaitasun linguistikoari buruzko azterketaren helburua zen, alde batetik, ikustea ea Batxilergoko curriculumaren helburuak, atzerriko hizkuntzen arloan, betetzen ote diren, eta beste alde batetik, NUPek ezarritako eskakizun-maila eskuragarria ote den gradua hasten diren ikasleentzat. Irakasletza (Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan), Gizarte Lana, Lan Harremanak eta Soziologia Aplikatua titulazioetan sartu berri diren ikasleen hizkuntza-maila aztertu da.

Ikasleek mailaketa-proba informatiko bat egin zuten, alderatzeko bai titulazioen bukaeran eskatzen den mailaren egokitasuna, bai titulazioaren eskakizun-mailaren, sexuaren eta beste hizkuntza batzuen ezagutzaren arabera dauden ezberdintasunak ere.

Ingelesa eta frantsesa mailak

Azterketa honen emaitzek argi uzten dute NUPen sartzen diren ikasleen artean A2 maila dela gehien agertzen dena. Horrela, % 45ek ingeles maila hori dauka, eta % 55ek frantses maila hori dauka. Gainera, ikasleen ehuneko garrantzizko batek goi mailako ezagutzak dauzka bi hizkuntzetan. % 30ek B1 ingeles titulua dauka, eta % 4,7k B2 titulua. Frantsesean, ehunekoa % 15 dira, bi kasuetan (B1 eta B2). Txostenaren ondorioetan esaten da, baita ere, A2 maila harrapatzen ez duen ikasleen eunekoa “kezkagarria” dela (ingelesean % 20, frantsesean % 25).

Datu hauek guztiak kontuan hartuz, azterketaren egileen ondorioa da NUPeko gradu titulazioetan sartzen diren ikasle gehienek aski prestakuntza daukatela beren ikasketen amaieran eskatuko zaien hizkuntza maila (B1) lortzeko, zailtasun handirik gabe.

Azterketak azpimarratzen du Irakasletzako Lehen Hezkuntzako ikasleek hizkuntza-gaitasun nabarmen altuagoa daukatela Haur Hezkuntzako ikasleek baino. Horri dagokionez, adierazi behar da Irakasletzako titulatuei ikasketak bukatzean eskatzen zaien maila handiagoa dela gainerako graduetan eskatzen dena baino (B1). Azterketaren arabera, horixe izan daiteke titulazio hauetako ikasleek unibertsitateko lehen urtean prestakuntza osagarria hartzearen arrazoia; izan ere, titulazio hauetako ikasle gehiagok hizkuntzak ikasten dituzte beste hainbat erakundetan.