Joan eduki nagusira

zoom Lodzeko Unibertsitatean (Polonian) egindako bileraren irudia

Lodzeko Unibertsitatean (Polonian) egindako bileraren irudia

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 217.000 euro jasoko ditu osotara, Europan berrikuntza irekia sustatzeko sei EURIS proiektuetarik bitan parte hartzeagatik. Aipatu EURIS programak onetsitako proiektuak dira, “Interreg IV C” nazioz haraindiko lankidetzarako europar programaren baitan. Bi proiektuen aurrekontua osotara milioi bat euro baino handiagoa da, eta NUPeko Ikerketa Zerbitzuak, Jakintza Bestetaratzeko Arloak eta Enpresen Kudeaketa Sailak Europako eskualde batzuen artean lankidetzan aritzeko plataforma bat garatu eta berrikuntza irekia aplikatzean arrakasta izan duten enpresak aztertuko dituzte.

Berrikuntza irekia berrikuntza-estrategia berri bat da. Enpresak edo erakundeak beren antolamenduaren barneko mugetatik harago doaz eta I+G+b-ko proiektuak elkarlanean garatzen dituzte kanpoko profesionalekin.

Foru Gobernuko Berrikuntza Departamentua da EURIS programaren burua, eta Alemaniako, Herbeheretako, Hungariako eta Poloniako eskualde batzuek ere parte hartzen dute proiektuan. NUP, ANAIN eta CEIN nafar entitateek parte hartzen dute finantzatutako EURIS proiektuetako batzuetan. Entitate hauek jasoko dituzten diru-laguntzen % 75 Europako funtsetatik datoz eta gainerako % 25 Nafarroako Gobernuak ematen ditu. Unibertsitate, enpresa eta teknologia zentroak berrikuntza irekira hurbiltzea, berrikuntza hori ezagutzea eta berau Foru Erkidegoan aplikatzea da azken helburua. Proiektuak hurrengo urteko azarorako amaitu behar dira.

Ikerketa irekiko plataforma

ORP proiektuaren helburua da (Open Research Platform) webean oinarritutako ikerketa irekiko plataforma bat garatzea eta abian jartzea. Online plataforma bat diseinatzea da xedea, unibertsitateen eta beste entitate batzuen zientzia eta teknologia eskaintzaren berri jakinaraziko duena, EIBTak (Oinarri Teknologikoko Enpresa Berritzaileak) sustatzea, jabetza industriala ustiatzea eta beste erakunde batzuekin batera parte hartzea ikerketa proiektuetan; hori guztia enpresei, ekintzaileei, jakintza zentroei, arrisku kapitaleko entitateei, eta abarrei irekitako ingurune batean.

Proiektuaren mamia web atari bat da, aipatutako lankidetza-bideak eskainiko dituena. Horretaz gainera, gehiago ere eskainiko du, hala nola eskualdeen berrikuntza sistemetan erabilgarri dauden informazio iturri eta bideen analisia eta eskualde parte-hartzaileetako enpresetan gailentzen diren berrikuntza ereduen azterketa.

Aurrekontua 577.123 eurokoa da, eta Stuttgarteko Unibertsitatea (Alemania) da proiektuaren burua. Partzuergoa unibertsitate hauek osatzen dute: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Lodzeko Unibertsitatea (Polonia), Gyorreko Szechnyi Istwan Unibertsitatea (Hungaria), Lodzeko Unibertsitate Medikoa (Polonia) eta Lodzeko Unibertsitate Teknikoa (Polonia).
Proiektu honen baitan, eskualde-biltzar bat egingo da Nafarroan 2011n eta Berrikuntza Irekiari buruzko mintegi bat 2012an.

Berrikuntza irekiko negozio-ereduak

BMOI (Business Model for Open Innovation) da finantzatutako bigarren proiektuaren izena, eta bere helburua da enpresei eta ETEei (enpresa txiki eta ertainei) ezagutza praktikoa eskaintzea negozio-ereduak aplikatzeari buruz, berrikuntza irekiari onura atera diezaioten, praktika onen bidez, prestakuntza edukien bidez, eredu praktikoen bidez eta/edo gomendio politikoen bidez.

Azterketari esker eskualdeen berrikuntza sistemen irekitze maila alderatuko da berrikuntza irekiari dagokionez egiten dituzten praktikak neurtuz, bai eta ereduak proposatu ere berrikuntza irekiari onura atera nahi dioten enpresentzat. Zehazki, NUPek aztertuko ditu beren negozio-eredua aldatu eta berrikuntza irekiari esker eskaintzen duten produktuaren balioa gehitu duten nekazaritzako elikagaien arloko, mekanika/autogintzako eta energia berriztagarrien arloko enpresa nafarrak.

Bukaerako txostenaz gainera –arrakasta izan duten 10 negozio-eredu jasoko ditu–, lantegi bat egingo da proiektu honen baitan eskualde parte-hartzaile bakoitzeko enpresa eta eragileekin.

BMOIren aurrekontua 429.038 eurokoa da, eta horietatik 107.000 euro NUPek egingo duen lanari dagozkio. Eindhoveneko Unibertsitate Teknologikoa (Herbehereak) da proiektuaren buru, eta Stuttgarteko Unibertsitateak ere (Alemania) proiektuan laguntzen du.