Joan eduki nagusira

Guztira 4.632 ikaslek egin dute aurreinskripzioa Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2011/12 ikasturterako. Hortaz 71 gehiago dira aurreko ikasturtean baino, aurreko horretan 4.561 ikaslek egin baitzuten. Onartuen lehenengo zerrenda uztailaren 18an, heldu den astelehenean, jarriko da jendaurrean, eta matrikula uztailaren 20 eta 21ean egin behar da Interneten bidez. Prozesuari buruzko informazioa www.unavarra.es webgunean dago.

Aurreinskripzioa egin dutenetatik 4.451 Graduko ikasketetakoak dira, eta gainerakoak lehengo titulazioetako bigarren zikloetakoak. 1.770 ikaspostutakoa da Graduetako ikaspostuen eskaintza NUPen 2011/12 ikasturteko lehen seihilekorako; hortaz 2,4 aurreinskripzio dago ikaspostu bakoitzeko. Hartara, heldu den ikasturterako ikaspostua eskatu duten ia ikasle guztiek izango dute sarbidea Nafarroako Unibertsitate Publikora, lehenengo tokian aukeratu dituzten ikasketetan.

Aurreinskripzio epean ikasleek aukeratu dituzten titulazioei dagokienez, geldialdi bat nabaritu da gehien eskatzen direnen eskaeran (Osasun Zientziak eta Irakaslea), eta, horren aldean, eskaeraren gehikuntza nabarmena Soziologia Aplikatuko Graduan eta Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Graduan. Soziologia Aplikatuko Graduaren eskaera % 81 areagotu da, eta Lan Harremanetako Graduarena % 70. Halaber, handitu egin da aurreinskripzioa titulazio hauetarako egin dutenen kopurua: Industria Teknologietako Ingeniaritza, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, Gizarte Lana eta Informatika Ingeniaritza. Erizaintza, Fisioterapia eta Irakaslea titulazioetarako aurreinskripzioa egin dutenak kontuan hartu gabe, gainerako graduetarako eskaeren gehikuntza % 13koa izan da.