Joan eduki nagusira

zoom Eduardo Zubiri Vidaurreta

Eduardo Zubiri Vidaurreta

Nola bizi dute paziente laringektomizatuek ahots esofagikoa ikasten hasten direnetik ahoz komunikatzeko gutxieneko gaitasuna eskuratu arteko prozesua? Ahots berria izateak herstura eta depresio maila jaisten die? Gai hori aztertu du Eduardo Zubiri Vidaurreta psikologoak bere doktoretza tesian, eta atera dituen ondorioetan aipatzen duenez “ahots erigmofoniko berria menderatzeak depresio maila jaisten die paziente hauei”.

Laringektomia erabatekoak —laringea kentzeko kirurgia-prozedura— eragin handia du pazientearengan, ebakuntzaren eta gaixotasunak dituen ondorioengatik, ez soilik gorputzaren irudian eta komunikazioan, herstura eta depresioa bezalako alderdi emozionaletan ere bai. “Ahotsaren galera da laringektomia erabatekoaren ondorio nabarmenena —esaten du Zubiri doktoreak—, eta horregatik arreta berezia jartzen da pazienteak ahotsa berreskuratu eta berriro hitz egin dezan”.

“Consecuencias psicológicas de la laringectomía total: ansiedad y depresión antes y después del aprendizaje de la voz erigmofónica” da doktoretza tesiaren izenburua. Milagros Pollán Rufo eta Inés Gabari Gambarte NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakasleek zuzendu dute tesia eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du. Eduardo Zubiri Vidaurreta Psikologian lizentziaduna da (Salamancako Unibertsitatea, 1981) eta hizkuntzaren psikologoa (Salamancako Unibertsitatea, 1983). 1984az geroztik Iruñeko “ETHOS” Hizkuntzaren Psikologiako eta Psikoterapia Psikoanalitikoko Zentroan lan egiten du eta ahots erigmofonikoa irakasten du Nafarroako Laringektomizatuen Elkartean. Unibertsitateko irakaskuntzan ere aritu da Entzumenaren eta Hizkuntzaren Asaldurak-Logopedia izeneko Espezializazio Ikastaroan.

Bere ikerketa psikologia onkologikoaren edo psikoonkologikoaren eremuan dago, minbiziaren eta psikologiaren arteko harremanaren azterketan espezializatutako diziplina bat. “Gorputzaren eta buruaren arteko harremanaren ildoari jarraitzen dio. Ildo hori medikuntzaren hastapenetatik aintzat hartu da. Alderdi psikologikoek minbizian nola eragiten duten aztertzen da, eta alderantziz, minbiziak egoera eta erreakzio psikologikoetan nola eragiten duen”.

Azaltzen duenez, “minbizia, izatez, entitate klinikopatologiko bat da. Pazienteari estres espezifiko bat sorrarazten dio, eta gizabanako bakoitzak modu desberdinean erreakzionatuko du gertaerari ematen dion esanahiaren arabera, gaixotasunak dakarren kalteari edo erronkari aurre egiteko dituen baliabide psikologikoen arabera eta duen laguntza sozialeko sarearen arabera”.

Bere doktoretza tesiaren helburu nagusia da nola eragiten duen ahots erigmofonikoaren (edo esofagikoaren) ikaskuntzak erabat laringektomizatutako pazienteen herstura eta depresiozko erreakzioetan. Azterketan bi une konparatu ditu: ahots erigmofonikoa ikasi baino lehen eta gutxieneko elkarrizketa maila bat lortu ondoren.

Azterketan erabat laringektomizatutako 40 pazientek parte hartu dute. Paziente horietatik 34 Nafarroako Laringektomizatuen Elkartekoak ziren, eta 6 Bartzelonako San Pablo y de la Santa Cruz Ospitalekoak. Pazienteen batez besteko adina 61,35 urtekoa zen. Paziente gazteenak 44 urte zituen, eta zaharrenak 89, baina gehienak 50etik 69 urtera bitarteko tartean zeuden. Pazienteen % 95 gizonak eta erretzaileak ziren.

Desgaitasun sentimendua

Paziente laringektomizatuen % 82,5ek ez zuten herstura maila esanguratsurik ahots erigmofonikoa ikasten hasterakoan; % 7,5ek baino ez zuten gainditu herstura maila handia adierazten zuen atalasea. “Analisi estatistikoak erakutsi digu ez dagoela alde esanguratsurik herstura mailetan ahots berria eskuratu baino lehen eta ondoren —esaten du Zubiri Vidaurretak—. Eta honek bi gauza adieraz ditzake: ahotsaren galera ez dela faktore erabakigarrian paziente hauen herstura mailan edo ahots berriak ez dituela pazienteek hasieran zituzten itxaropenak betetzen, eta horregatik, laringeko ahotsaren falta sumatzen jarraitzen dutela”.

Depresioari dagokionez, ikaskuntzaren hastapenean depresio-maila zertxobait handiagoa zen, % 15,5ek gainditu baitzuten depresioa adierazten zuen atalasea. “Desberdintasun nabarmenak aurkitu ditugu ahots erigmofonikoa ikasten hasi baino lehenagoko eta ondorengo depresio mailetan. Beraz, esan dezakegu ahots erigmofonikoa menderaetzeak paziente laringektomizatuen depresio mailak jaisten dituela”.

Aurretik egindako azterketetan esaten zen ahotsaren galerak igo egiten zituela bai herstura-mailak, bai depresio-mailak. Zubiri doktoreak egindako lanean egiaztatu da ahotsaren galerak desgaitasun sentimendua sortzen diela pazienteen % 50i, baina pazienteen % 25ek baino ez dute onartzen hori dela gehien eragozten diena laringektomia egin eta gero. “Pazienteek beraiek eskuratutako ahots berriaren kalitateari eta funtzionalitateari buruz duten ikuspegiak eragina du depresio-mailan, baina ez herstura-mailan. Pentsatzen dute beren mintzamoldea ez dela ez funtzionala, ez kalitate onekoa, batez ere lehenago zuten laringeko ahotsarekin konparatuz. Ikusmolde horrek ez du herstura-maila nabarmen igoarazten; bai, ordea, depresio-maila”.

Bere ikerketaren beste ekarpenetako bat depresio-maila jaistea lortu ez duen pazientearen profila definitzea izan da. Ikertzailearen iritzian, depresio-mailan "ahotsarekin lotutako faktoreak daude, baina beste faktore batzuk ere bai, eta ezin dugu zehaztu bakoitzaren garrantzia”. Zehazki, hitz egiten zailtasunekin ikasi duen paziente bat da, sei hilabete baino gehiago behar izan baititu, eta ez dago pozik bere ahots berriarekin. “Ez duela behar bezala hitz egiten pentsatzen du, familiakoekin bakarrik hitz egiten du eta ahotsaren galerak ezgai izatearen sentimendua sorrarazi zion”. Laringektomiak kalte handia eragin zion psikologiaren, familiaren, gizartearen eta lanaren aldetik. Kalte fisiko handiak ditu, eragozpenak ditu trakeostomagatik, eta arnasa hartzeko eta janaria irensteko zailtasunak. Nahiko gaztea da (54 urte), eta alarguna da.

Halaber ikerketak frogatu zuen paziente alargunek edo ezkongabeek depresio maila handiagoak zituztela. “Familiako kideen, bikotearen, seme-alaben eta abarren laguntza garrantzi handikoa da pazienteen oreka emozionalerako. Bere hurbilekoen babesa duen pazienteak eraginkortasun handiagoz aurre egiten dio gaixotasunari, aukera gehiago ditu gaixotasunari era positiboan aurre egiteko estrategiak garatzeko".

Testuinguru horretan, Eduardo Zubirik nabarmendu du Nafarroako Laringektomizatuen Elkartea egiten ari den lana paziente hauei laguntza ematen “batez ere ahots erigmofonikoa ikasten, hein handian gizarte-harremana eta integrazioa berreskuratzen eta ebakuntza ondoko egoera berriari aurre egiten laguntzen baitie”.