Joan eduki nagusira

Unibertsitatea eta Desgaitasuna Elkarteak astearte honetan, ekainak 28, jardunaldi bat antolatu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta hainbat adituk laguntza didaktiko eta teknologiko batzuk aztertuko dituzte desgaitasuna duten pertsonen heziketarako. Jardunaldia Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan egingo da goizeko 10:00etatik aurrera. Sarrera doakoa da eta Eloísa Ramírez Gizarte eta Kultura proiekziorako errektoreordeak inauguratuko du.

Guztira lau hitzaldi programatuta daude. Lehenbizikoak “Desgaitasuna duten pertsonen bidea“ du izenburua eta Parent to Parent elkarteko Beatriz Ramos Riverak emango du. Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko (CREENAko) zuzendariak, Isi Roldán andreak, parte hartuko du ondoren, zerbitzu honek dituen antolamendu egiturak eta mota horretako ikasleen eskolaratze-modalitate egokiena zehazteko irizpideak aurkezteko.

Hirugarren hitzaldian bi tresna digital aurkeztuko dira ikaskuntzan erabateko nahasmendua duten haurrentzat. Izan ere, NUPeko Matematika eta Informatika sailak garatu ditu, eta Isabel Sánchez kanpoko aholkulariak parte hartu du. Lehenbizikoa, ordenagailurako SINTAX metodoaren bertsio digitala da, eta bigarrena, interakzio naturalean oinarritutako aplikazioak sortzeko bidea ematen duen mahai interaktibo multitaktil bat da. Aurkezpena egingo du Alfredo Pina Lengoaia eta Sistema Informatikoen Arloko irakasleak, Alba Labairu, Idoia Beraza eta Patricia Rodríguezekin batera.

Jardunaldia eguerdiko 13:00etan amaituko da, mintzamenean hainbat desgaitasun dituzten pertsonen komunikazioa errazten eta arintzen dituen iPad aplikazioaren aurkezpenarekin. NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailak garatu du ekimena Isterria ikastetxearekin eta Anfasekin lankidetzan. Aurkezpena egingo dute Carlos Fernández Valdivielso Teknologia Elektronikoaren Arloko irakasleak, eta José Cruz Pérez, Ainhoa Esténoz eta Elisabeth Esandia, aplikazioa garatu duten hiru ikasleek.

Unibertsitatea eta Desgaitasuna Elkartea osatzen dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko hainbat irakaslek eta administrazio eta zerbitzuetako langilek, ezgaitasunaren alorrean ikasketaren eta ikerketaren aldetik egin beharreko ahaleginen garrantziari buruzko kontzientziazioa bultzatzeko unibertsitate komunitatean.

Elkarte honek NUPek desgaitasuna dutenei orain eskaintzen dizkien zerbitzuen osagarri izan nahi du, eta topagune bihurtu, unibertsitate komunitateak azken urteotan, bere esperientzia pertsonaletan, irakaskuntzan eta ikerketan bildu dituen baliabideak eta informazioa zentralizatzeko.