Nafarroako Unibertsitate Publikoak bi udako ikastaro egingo ditu ekainaren 27an, astelehenean, eta Amado Alonso nafar filologoaren irudia eta basoek planetaren garapen iraunkorrari egiten dioten ekarpena aztertuko dira haietan. Bi ikastaroak Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen XI. edizioko programan daude. XI. edizio honetako udako ikastaroek Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren babesa dute.
Lehenengo udako ikastaroaren izenburua “Amado Alonso, bi itsasertzetako espainiera” da, eta NUPek eta Amado Alonso Fundazioak antolatu dute. Lerinen jaiotako katedradunak hizkuntzalaritzaren eta kritikaren eta literaturaren arloan egindako ekarpenak indarrean daudela nabarmendu nahi da jarduera horretan.
Hizkuntzaren batasunari eutsi eta Atlantiar ozeanoko bi itsasertzetako ekarpenekin aberasteko beharraren aurrean, Amado Alonsoren irudia aukeratu da. Nafar filologoa Buenos Airesko Unibertsitateko Filologia Hispanikoko Institutuko zuzendari eta Harvardeko Unibertsitateko espainerako irakasle izan zen. Horretaz gainera, hizkuntzalari handien eskola bat sortu zuen, hizkuntzalaritzan espezializtatutako bilduma ezberdinak sustatu zituen, eta zientzia lan asko argitaratu zituen.
Espainiako Erret Akademiak (RAE) eta Espainiar Hizkuntzaren Akademien Elkarteak berriki batera egin dituzten jardueretan gorpuztu dira Amado Alonsoren ideiak, hala nola Ortografía de la Lengua Castellana (2010), Ortografía de la Lengua Española (2009), Nueva Gramática de la Lengua Española (2009) eta Diccionario Panhispánico de Dudas (2005) liburuen argitalpena.
Udako ikastaroa lau hitzalditan banatzen da, eta nafar filologoaren irudian eta lanean adituek parte hartuko dute. Gaztelania lan tresna gisa erabiltzen dutenei zuzenduta dago: Irakasleak, kazetariak, publizistak, etab., bai eta literaturan interesa duten herritarrak ere. Ikastaroa doakoa da, eta ekainaren 27 eta 28an egingo da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasgelategiko 018. ikasgelan. Berrogeita hamar pertsona inguruk parte hartzea espero da.
Basoak planetaren azaleraren % 30 dira
Bestalde, “Basoak, bioaniztasuna eta planetaren iraunkortasuna” izeneko udako ikastaroak izen handiko adituak bilduko ditu, eta gai honetan jendeak kontzientzia handiagoa har dezan saiatuko dira, alegia, basoak garapen iraunkorraren parte direla, bai gizakien garapen iraunkorrarena bai planetaren garapen iraunkorrarena, onura ekonomikoak, soziokulturalak eta ingurumenekoak ematen dituztelako. Foresna-Zurgaia, Nafarroako Baso Elkartearekin lankidetzan antolatu da prestakuntza-jarduera, eta Iruñeko Kondestablearen jauregian egingo da ekainaren 27 eta 28an.
Egun basoak Lurraren azaleraren % 30 dira eta planetaren bioaniztasunaren % 80 daukate. Hala ere, gizakiaren esku-hartzeak hamairu milioi hektarea galarazten ditu urtero, Iberiar Penintsularen azaleraren laurden bat. Legez kanpoko mozketa, zuraren ezin iraunezko garapena, lurzoruaren kudeaketa desegokia, mehatze- eta petrolio-ustiapenak eta urtegien eta errepideen eraikuntza dira baso-azaleraren galera eragin duten faktoreetako batzuk.
Egoera honen aurrean, monografikoaren helburua da ezagutzak trukatzea, basoen antolamendu iraunkorrerako eta baso-soiltzea eta basoen degradazioa atzeratzeko estrategiei buruz. Bi jardunaldi hauetan zazpi hitzaldi eta mahai-inguru bat egingo dira ikastaroko hizlariekin, eta ikasleei, sektoreko profesionalei eta beste edonori zuzendua dago. Lehenengo egunean baso-kudeaketa iraunkorra izango dute mintzagai, eta Nafarroako basoak aztertuko dituzte, bai eta baso-ziurtagiriak eta Red Natura 2000. Asteartean, hilak 28, zurak eta bere aprobetxamendu energetikoak, basoen osasunak eta basogintzak izango dute protagonismoa.
Titulu horiei buruzko informazio guztia www.unavarra.es webgunean dago kontsultagai.