Nafarroako Unibertsitate Publikoko Jorge Oteiza Katedrak Agustín Sánchez Vidalen “La especie simbólica” liburua argitaratu berri du. Liburuan biltzen dira egileak “Zeharkako ikuspegiak” zikloaren barnean eman zuen ikastaroan eskainitako hiru hitzaldiak. Zikloa Katedrak berak antolatu zuen Nafarroako Museoan 2010eko otsailean. Agustín Sánchez Vidal katedradun emeritua da Zaragozako Unibertsitatean, Buñuelen lanetan aditua da eta gidoilari lanetan jardun du Carlos Saurarekin eta beste errealizatzaile batzuekin.
“La especie simbólica” liburuan diziplinartekotasunez aztertzen dira gizakia fikzioak kontatzera eta horiei erantzutera bultzatzen duten sakoneko arrazoiak; izan ere, unibertso paralelo batean bizitzeko aukera ematen duen bigarren izaera bat eratzeraino: sinbolikoa denaren mundua, esaterako, animaliek eskuratu ezin dutena, eta errealitate alternatiboak irudikatzeko, bilakatzeko, hautatzeko, eta, hitz batean esanda, aske izateko aukera ematen diguna.
Liburuaren lehen kapituluan, «Eratzen gaituzten bilbeak» gaiarekin, teilatuetatik ohialetara, ehunetatik testuetara, neurona sareetatik edo Internetetik istorioen gertakizunetara doazen harien iraultza hartzen dugu ardatz. Bigarren kapituluaren izenburua, «Jainkoaren idazkera», mundua sortu omen zuten zeinuei eta horren gakoei buruzko Borgesen ipuin batetik hartuta dago. Informazioaren teoria bateratuaren inguruan jarduten duten zientzialariak hurbildu dira −konputazio ereduetatik− saio horretara gaur egun. Hipotesiak oinarria eman zion labirintoei, Babelgo dorreari eta Unibertsoaren "genomari" lotuta dagoen Sánchez Vidalen beraren “La llave maestra” izenburuko eleberriari. Azkenik, Sinboloak eta mitoak izenekoan, istorioek, Homeroren kontakizunetatik Hollywoodeko arrakasta handiko istorioetara, gure bizitzan duten eginkizuna aztertu du egileak.
Zikloko lehen liburua
“La especie simbólica” liburua da Jorge Oteiza Katedrak “Zeharkako ikuspegiak” zikloaren barnean argitaratu duen lehen liburua. Katedraren asmoa da artista jakin batzuen esperientziaren bidez aztertzea zergatik erabaki zuten hainbat praktika eta generotan zehar ibiltzea eremu espezializatu batean egon beharreko ohitura hori hautsiz.
Agustín Sánchez Vidal irakasle lanetan ibilia da Espainiako Literatura eta Zinema eta Ikus-entzunezko Beste Baliabide Batzuk irakasgaiak emanez. Irakasle gonbidatua izan da Amerikako eta Europako hainbat unibertsitatetan, Princeton eta Nanterren (París X), besteak beste.
Sánchez Vidal Luis Buñuelen lanean aditua da, berrogeita hamarretik gora liburu idatzi ditu literaturari, arteari eta zinemari buruz; horien artean aipatzekoa da “Buñuel, Lorca, Dalí: el enigma sin fin” izenekoa, 1988. urtean Espejo de España saria eman baitzioten lan horregatik. Izen bereko bilduman “Sol y sombra” izeneko saiakera argitaratu zen 1990. urtean. 2005. urtean fikzioan debutatu zuen “La llave maestra” izeneko lanarekin. Hamabi bat herrialdetan argitaratu da eta 2008an “Nudo de sangre” izeneko lanarekin Premio Primavera de Novela saria jaso zuen. “La esclava de nadie”, 2010ean argitaratua, bere azken eleberria da.
Jorge Oteiza Katedra irakaskuntzako eta kulturako erakundea da eta 2002. urtean sortu zen, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmen baten bidez. Katedra sortzearen arrazoia izan zen erakundeen onarpena ematea Jorge Oteiza eskultorearen lan artistikoari eta pentsaera estetikoari. Jorge Oteiza Katedraren jarduerak “Artea eta kultura XXI. mendeko gizarteetan” deituriko programan biltzen dira. Programa horren helburua da kultura garaikideari buruzko analisia, gogoeta eta kritika sustatzea pentsamendu estetikoari eta sormen artistikoari lotutako gaiak landuz. Jorge Oteizaren lana da programaren oinarria, eta, beraz, arreta espezifikoa eskaintzen dio artistaren lanari.