Nafarroako Unibertsitate Publikoko 27 ikaslek parte hartuko dute, guztira, 2011. urtean Prestakuntza Solidarioko Programan, lankidetza proiektuak garatuz Latinoamerikako bost herrialdetan. Deialdi honetako berrikuntza da programa honetan beka lortu duten ikasle guztiek nahitaezko ikastaro bat egin dutela Garapenerako Nazioarteko Lankidetzan. Ikastaroa 47 eskola-ordukoa zen eta prestakuntza hartu dute honako gai hauei buruz: Hegoaldeko herrialdeen egungo egoera, lankidetzaren kontzeptua eta bilakaera historikoa eta eremu horretan lehentasunez jardun beharreko sektoreak.
Prestakuntza Solidarioko Programa NUPen ekimen berekia da, eta Garapenerako Unibertsitate Lankidetzaren barnean sartzen da. Ikasleen eta irakasleen artean elkartasuna eta garapenerako lankidetzaren balioak sustatzea du xede, nazioarteko lankidetzaren esparruan prestakuntza profesional praktikoa eskaitzearekin batera.
Programa hau Nafarroako Gobernuak ere finantzatzen du, eta bi jarduketa eremu ditu. Lehenbizikoa ikasleei zuzendua dago, praktikak edo karrera amaierako proiektuak egin ditzaten garapenerako lankidetza proiektuetan hegoaldeko herrialdeetan. Proiektua lankidetzan gauzatzen da proiektuak burutzen diren herrialdeetako unibertsitate batzuekin, gobernuz kanpoko garapenerako erakunde batzuekin eta lankidetzarako nazioarteko beste agentzia batzuekin batera. Egonaldiak gutxienez hiru hilabetekoak dira eta, gehienez ere, seikoak. Egonaldia amaitzean, ikasleek, egindako jardueraren oroitidazkia aurkezten dute.
Bigarren jarduketa eremuan, proiektuak garatu diren lekuetako unibertsitateetako irakasleek bi hilabetetako egonaldiak egiten dituzte ikasketa, ikerketa eta prestakuntza lanetan jarduteko. Urte honetako hitzarmenean hamabi irakasleren bisita aurreikusten da.
Programan parte hartuko duten ikasleak honako titulazio hauetakoak dira: Erizaintza, Irakasletza, Gizarte Lana, Soziologia, Industria Ingeniaritza, Fisioterapia eta Zuzenbidea. Gainera, beste hiru ikasle Estanislao Aranzadi Praktika Juridikoko Eskolan ari dira egiten ikasketak. Ikasle gehien hartuko dituzten herrialdeak Peru eta Bolivia dira, bakoitzak bederatzi ikasle hartuko baititu, eta ondotik daude Kuba (4), El Salvador (3) eta Ekuador (2).
Proiektuak
Prestakuntza Solidarioko Programan beka duten NUPeko ikasleek baztertutako biztanleekin jardungo dute La Habanan (Kuba), baliabiderik gabeko pertsonei lege aholkularitza emango diete Liman, Peruko hiriburuan, edo hezkuntza praktikak egingo dituzte Traperos de Emausek Piuran (Peru) zuzentzen duen ikastetxe batean. Era berean, Andeetako herrialde honetan bertan proiektu bat garatuko da Asociación de Ganaderos de Ayabaca elkartearekin lankidetzan, txerriak ekoiztu eta etxeko urdaiazpikoa ekoizteko.
Bestalde, Erizaintzako ikasleak Cochabambako (Boliviako) Pietro Gamba de Anzaldo ospitaleko plantillan sartuko dira arreta kirurgikoan eta ama-haurren osasun arloan praktikak egiteko; aldiz, Irakasletzako ikasleek lankidetzan jardungo dute El Salvadorren San Salvadorreko auzo bateko oinarrizko hezkuntzako bi eskolatan hezkuntzarako materiala sortzeko. Azkenik, EAZLko eta Industria Ingeniaritzako ikasleek inpaktu sozioekonomikoari buruzko azterlan bat egingo dute Salinas de Guarandan (Ekuador) bidezko merkataritzako kooperatiba baterako.