Ariketa fisikoa egitean, giharrak nekatu eta indarra galtzen da. Elektromiografoak neurtzen du indarra, eta giharren jarduera elektrikoa erregistratzen du. Miriam González Izal telekomunikazio-ingeniariak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko doktoreak modelo bat garatu du. Modelo berri horrek lotu egiten ditu gainazaleko elektromiografia-seinaleak eta giharretako indar-galera nekeagatik. Bere doktoretza tesiak bikain cum laude kalifikazioa lortu du Europako doktorea aipamenarekin.
“Nekea akidura sentipen bat da gure eguneroko bizitzan izaten duguna, baina sentipen subjektiboa denez, oso zaila da neurtzea —azaldu du egileak—. Horregatik ahalmen edo indar galera erabiltzen da giharretako nekea era objektiboan neurtzeko. Alabaina, ariketa dinamiko batzuetan, esaterako ibiltzea, oso zaila da indar-galera neurtzea”. Elektromiografia seinalea eta indar-galera lotzea lortu du Miriam Gonzálezek bere ikerketan, halako eran non "nekea ia zeinahi egoera edo ariketa fisikotan neur baitaiteke”.
Lan honi esker nekea era ez inbaditzailean neur daiteke, hau da, zeharka, teknika inbaditzaileago batzuk erabili beharrik gabe, hala nola odola edo gihar lagin bat ateratzea. "Horretaz gainera, nekea neurtzea egokia da berari aurrea hartzeko, eta hori kontuan hartu beharreko zerbait da. Izan ere, nekea agertzen bada, atzerakorik ez duten ondorioak ekar baititzake edo hasierako egoerara itzultzeko denbora luzea igaro behar izatea. Nekea neur badezakezu, ekidin ere egin dezakegu, eta intentsitate handiagoko ariketa egin denbora luzeagoan", azaldu du egileak.
Kirol Ikasketen, Ikerketaren eta Medikuntzaren Zentroarekin batera egin da doktoretza tesia (Nafarroako Kirol Insitutua, Nafarroako Gobernua). Zentro horretan hainbat ariketa mota egin ziren giharretako nekea eragiteko, eta giharretako jarduera elektrikoa erregistratzeko balio izan zuten. Hainbat kalkulu matematikoren bidez, elektromiografia seinale horien eta nekeak eragindako giharretako indar-galeraren arteko lotura aztertu zen.
Miriam Gonzálezek bere ondorioetan azaltzen duenez, denboraldi batean entrenamenduak egin eta gero, baliteke elektromiografia-parametroetan dauden aldaketen eta giharretako indar-galeran dauden aldaketen arteko lotura aldatzea. “Horregatik baliteke entrenamendu-aldi bat egin baino lehen lortutako elektromiografia-aldagaien erabileran oinarritutako modeloek entrenamendua egitean galdutako indarra gutxiestea. Beraz, aldagai horiek kalibratu egin behar dira erabili baino lehen".
Mikel Izquierdo Redín Osasun Zientzien Saileko katedradunak eta Armando Malanda Trigueros Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleak egin dute “Muscle fatigue estimation using sEMG recordings” tesiaren tutoretza, eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du, Europako doktorea aipamenarekin.
Miriam González Izal telekomunikazio ingeniaria da, nazioarteko aldizkari eta argitalpen zientifikoetan argitaratutako hainbat artikuluren egilea eta egilekidea da, eta ikerketa-egonaldiak egin ditu Aalborg Universityn (Danimamarkan) eta Université Libre de Bruxellesen (Belgikan). Halaber, nazioko eta nazioarteko sei biltzarretan baino gehiagotan parte hartu du.