Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nazioarteko Merkataritza Zuzendaritzako Masterreko tituludunen % 94 lanean ari dira, titulu bereki honen XXIII. edizioan ikasi duten 30 ikasleen graduazio ekitaldian ezagutzera eman den txosten batean adierazten denaren arabera. Dokumentu berean adierazten da ateratako ikasleen % 89,3k kualifikazio handiko lanetan jarduten dutela. Lanean jarduten duten tituludun guztietatik, % 39,8k enpresa txiki eta ertainetan jarduten dute, eta gainerako % 60,2k enpresa handietan.
Ildefonso Grande Merkatuen Ikerketako irakasleak egin duen, eta NUPeko Unibertsitate-Gizarte Fundazioak koordinatu duen txostenean, ikasketak bukatu dituztenen lan jarduerari buruzko eta jarduten duten enpresetako ezaugarriei buruzko datuak biltzen dira. Inkestan tituludunek balioetsi dituzte baita masterraren alderdi akademikoak eta garatzen duten lanbide jarduerarekin duten lotura ere.
Datuak atzo, ekainak 15, jakinarazi ziren Nazioarteko Merkataritza Zuzendaritzako Masterraren XXIII. edizioaren amaiera ekitaldian. Titulazioak Nafarroako Gobernuaren Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko Departamentuaren lankidetza du. Halaber, amaiera eman zitzaion I. Master of International Trade graduondoko ikasketari. Izan ere, graduondo ikasketa hau beste unibertsitate hauekin batera eskaintzen da: Guangdong-eko Atzerriko Ikasketen Unibertsitatea (Txina), College of Continuing Education, Tongji University (Txina) eta Hunan College of Foreing Studies (Txina).


Ezkerretik eskuinera, Ana Delia Sola, José María Roig, Javier Casalí, Wang Zhiwe eta Javier Cebollada
Ekitaldian egon ziren Javier Cebollada masterraren zuzendaria eta Enpresen Kudeaketa Saileko irakaslea, Wang Zhiwe, Txinako Enbaxadaren Hezkuntza Kontseilaria, José María Roig Nafarroako Gobernuaren Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko Departamentuko jarduneko kontseilaria eta Javier Casalí Nazioarteko Harremanetarako eta Kooperazio errektoreordea. Ekitaldiaren amabitxia Ana Delia Sola izan zen Embutidos Goikoa S.A. enpresako Esportazio zuzendaria.
450 tituludunetik gora
1988. urtetik aurrera urtero egin diren 23 edizioetan Nazioarteko Merkataritza Zuzendaritzako Masterrean 20 herrialdetik gorako 450 profesional baino gehiago prestatu dira, eta haietako askok goi mailako zuzendaritza karguak dituzte nazioarteko merkataritzarekin lotutako enpresa eta instituzioetan. Urteetan zehar masterrak ospe sendoa hartu du eta erreferentzia bihurtu da nazioarteko merkataritzako enpresa eta profesionalentzat bai Nafarroan bai Espainia osoan.
Masterrak urte hauetan izan duen eragina ezagutzeko egin den dokumentuan islatzen da ikasketak amaitutakoen % 5,8 besterik ez dagoela langabezian. Lanean daudenen % 94,2tik % 40,8k enpresen kanpo departamentuetan jarduten dute, % 15,5ek zuzendaritzan, eta beste % 15,5ek garraioan eta logistikan. Kontsultatutakoen % 70 oso pozik dago jarduten duten enpresetan betetzen dituzten eginkizunekin. Master honen titulua dutenen ia hiru laurdenek enpresa pribatuan jarduten dute eta horietako ia erdiak Iruñean eta Iruñerrian daude.
Tituludunek egiten duten Nazioarteko Merkataritza Zuzendaritzako Masterraren balioespenari dagokionez, % 68,9k azaltzen dute lan zehatz bat lortzeko dexenteko laguntza edo laguntza handia izan zela; beste % 77k aitortzen dute harreman argia dagoela egiten duten lanaren eta titulazioaren edukiaren artean; eta %85,4k beste pertsona batzuei masterra egiteko gomendatuko liekete.
Titulazioan balioespen handiena duten alderdiak dira egitura akademikoa eta irakaskuntza programaren edukiak, lanean hasteko hartutako prestakuntza, egindako praktikak eta jasotako prestakuntza praktikoa.