Nafarroako Unibertsitate Publikoak hasiera emango dio ostegun honetan, ekainaren 16an, 8:30ean, 2011-2012 ikasturterako ohiko aurreinskripzioari. Aurreinskripzio hau uztailaren 1eko 14:00ak arte luzatuko da. Egun horietan, ikasleek ikaspostua eskatu ahalko dute www.unavarra.es webgunearen bidez NUPen ematen diren 16 Graduetan, eta ikasi nahi dituzten karrerak adierazi beharko dituzte lehentasun ordenaren arabera.
Aurreinskripzio epe hau irekita dago ikasketak bukatu ez dituzten ikasleentzat, edo ikasketak bukatu dituzten baina apirilean aldez aurreko aurreinskripizoa egin ez duten ikasleentzat. Aurreinskripzioa egiteko, interesdunek eskatzen den dokumentazioa uztailaren 1a baino lehen eman edo bidali behako dute. Aurreinskripzioa unibertsitateko webgunearen bidez egingo da bakarrik, astelehenetik ostiralera. Gainera, Unibertsitateak ikasgelategiko 017. ikasgela prest edukiko du aurreinskripzioak egiteko, 8:30etik 14:00etara.
Aurreinskripzio prozesuan, ikasleek nahi dituzten lau titulazio jar ditzakete gehienez ere, lehentasun ordenaren arabera. Ikasle bat karrera batean onartua bada, lehentasun hurrenkeraren arabera atzean zerrendatu zituen titulazioak baliogabetzen zaizkio, baina, ondoren argitaratzen diren onartuen zerrendetan, kontuan hartuko dira lehenetsi zituen titulazioak. Hala, gainerako onartuen zerrendetan onartua bada, lehen matrikula deuseztatu eta beste bat egin ahalko du titulazio berrirako.
Aurreinskripizoa apirilean edo uztailean egin duten ikasle onartuen lehen zerrenda uztailaren 18an argitaratuko da, eta ikaspostua lortu dutenek uztailaren 20 eta 21ean egin beharko dute matrikula, Unibertsitateko web-orrialdean (www1.unavarra.es/estudios) laster argitaratuko den ordenean eta moduan.
Beste alde batetik, aurreinskrizpioa apirilean egin zuten ikasleek beren aurreinskripzioak aldatzen ahalko dituzte ekainaren 16an eta 17an, webgunearen bidez, edo Sarbide Bulegora joanda, ekainaren 20tik, astelehenetik, uztailaren 1era, ostiralera arte.
Uztailaren 20an eta 21ean aparteko aurreinskripziorako azken epea irekiko da, ohiko epekoak tramitatu eta gero bete gabe geratu diren ikaspostuetan izena emateko.